Gasteizko nazioarteko poesia jaialdia da Poetak Maiatzean, baina Arabako beste herrietan ere du presentzia ekimenak, hainbat jardueraren bidez.
Aurten iritsi da egitasmoa Okondora lehenbiziko aldiz. "Kristalezko orrialdeak" izeneko jarduera egin dute bertan, olerkiak idatziz udaletxeko, liburutegiko eta gimnasioko kristaletan.
Iragan maiatzaren 17ean, aldiz, 30 lagun inguru bildu ziren Kultura etxean, euskaraz, gaztelaniaz eta katalaneraz irakurritako eta abestutako olerkiak entzuteko.
Laudion datorren ostiralean
Eskualdeko beste toki batzuetan ere izango du isla poesia jaialdiak. Laudion emanaldi bikoitza egongo da ostiralean, "Zubiko Malekoia" gisa ezagutzen den zonaldeko lau tabernetan: Sorgin, Keska, Capucci Katua eta El Lio. Belaunaldien arteko poesia saioa egongo da 12:00etan, haurren parte hartzearekin. 19:00etan, aldiz, beste emanaldi bat egongo da, establezimendu bertsuetan. Biak ala biak doan izango dira.
Argazkiak: Xabi Ugalde