Larunbat honetan, uztailaren 6an, izango da Okondoko Txakolin Jaia. Egitarauari hasiera haurrentzako jolasek emango diote, 12:00tan. Ordu horretatik aurrera ere dastatu ahal izango da txakolina, hegaluzeaz eta hanburgesa txikiez lagunduta. Aurten bost upategik hartuko dute parte egunean: Garate, Astobiza, Eukeni, Artomaña eta Txikubin.
13:00ean helduko da, ohorezko gonbidatuaren eskutik, eguneko ekintza nagusia: brindisa. Azken urteotan euskal telebistako hainbat pertsonaiek parte hartu dute Okondoko ospakizunean, hala nola Dani Alvarez aurkezlea, edo Maribel Salas zein Diego Lopez aktoreak. Aurten, Ane Gabarain izango da, hain zuzen ere, brindisaren arduraduna. Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Goya saria irabazi du aurten Gabarainek, 20.000 especies de abejas filmean Lurdesen papera antzeztegatik.
Topa egin ostean, zozketaren sariak banatuko dira, 14:30ean. Arratsaldean, egitarauarekin bukatzeko, Incomprendida Cassandra taldearen kontzertua egongo da igerilekuetan.
Okondo Begira kultur elkarteak antolatu du ekimena, Okondoko Udalaren, Vital Fundazioaren, Eusko Labelen eta Arabako Txakolinaren babesarekin.