Nola hartu duzue pregoilarien izendapena?
Marisol: Ezustez eta poztasunez. Ez genuen espero. Alegia, ez genekien ezta zein zen prozesua ere. Ez genekien udaletxean eta liburutegian bozkatzen zenik.
Isa: Inoiz ez genuen pentsatu pregoilari izango ginenik. Nik ez dut inoiz bozkatu.
Loli: Egia da herriaren aldetik aitortza izan dela.
Nola jakinarazi zizueten?
L: Alkatea etorri zen tabernara eta aipatu zidan. Nik ezin nuen sinistu. Izan ere, ni ez nintzen herrian egon behar. Oporrak hartu nituen eta aldatu behar izan ditut egoteko.
M: Esan genion parte hartu behar zuela bai ala bai.
Zergatik hautatu zaituztete, zuen ustez?
I: Nik uste dut gure ibilbide profesionalagatik izan dela. Urte asko daramagu hemen.
L: Nolabaiteko erreferente bilakatu gara, denbora luzea eman dugulako hemen.
M: Jendea hemen elkartzen da, badakite beti egongo garela, behar dutenerako.
I: Horrez gain, 2020an taberna erre zen eta uste dut babesa izan dela. Une horretan adierazi ziguten.
M: Bai, sutea gertatu zenean, konturatu ginen jendeak maite gaituela. Animo mezuak bidali zizkiguten.
I: Herritarrek esan ziguten prest zeudela gu laguntzeko, zozketa bat antolatzeko… Herri bat da hau eta harremana jendearekin ia familiakoa da.
M: Ez da taberna soila. Familia bat gara. Jendeak kontatzen dizkizu bere arazoak, zuk zureak… Oporretan joaten direnean, edo ospitaleratu behar dituztenean, agurtzen gaituzte bidaia egin baino lehen… Hori sortu da urte mordoa daramagulako hemen.
L: 19 urterekin hasi ginen, atera kontuak.
Sutearen ostean pentsatu genuen atseden hartu behar genuela. Dena ez da lan egitea.
Hasi zinetenean uste zenuten hain denbora luzez eutsiko zeniotela?
I: 20 urterekin? Inondik inora. Lan bat zen eta lan egin nahi genuen. Ez genuen esperientzarik eta 34 urte bete ditugu hemen.
M: Bezeroek erraztu ziguten. Lasai egoteko esan ziguten, guk ez genekien ezta zenbat balio zuen ardoak.
I: Ez da gauza bera jaio zaren herrian lan egitea (non auzokide guztiak ezagutzen dituzun) edo hiri handi batean egitea. Hemen konfiantzazkoa da jendea. Betidanik ezagutzen dugu elkar.
Zergatik lortu duzue, zuen ustez, irautea?
L: Duela bi urtera arte urteko egun guztietan irekitzen genuen, salbu oporretan. Astelehenetik igandera bitartean. 345 egun guztira. Hori bada jendeak oso kontuan izan duena. Izan ere, beti jo ahal zuten guregana. Bazekiten tabernan egongo ginela.
M: Sutearen ostean pentsatu genuen atseden hartu behar genuela. Dena ez da lan egitea eta erabaki genuen astean behin egitea, astelehenetan.
I: Gainera, zuek biok bakarrik geratu zineten. Sutearen ondorioz bi urtez egon zen taberna itxita eta nik lana bilatu behar izan nuen.
Asko aldatu da herria urte hauetan?
I: Taberna ugari zegoen lehen eta orain Txaparro eta gu baino ez gara geratzen.
L: Jende gazteak ez du gogoko lan hau. Oso esklabua da, jai egunetan egin behar baituzu lan.
Oroitzapen berezirik duzue?
M: Asko. Gogoratzen dut German Sagardui. Duela bi urte hil zen Okondon gertatutako sute batean. Familiako kide guztiak ziren bezeroak, baina Germanek egunero zaintzen gintuen itxi bitartean. Txandaka lan egiten genuen eta taberna ixten zuenarekin geratzen zen bermatzeko dena ondo zegoela. Guk esaten genion etxera joateko eta berak erantzuten zuen ezetz, etxera ordu erdi lehenago edo beranduago heltzea berdin zitzaiola. Egunero. Inoiz ez gintuen bakarrik utzi.
I: Gauza txiki ugari: urtebetetzeetan tarta zati bat ekartzea, adibidez. Harremana oso atsegina da. Batzuetan haserretzen zara, baina edozein lekutan bezala. Esperientzia ona da. Positiboa.
Asko ikasi behar izan zenuten taberna hartu zenutenean?
I: Dena. Ez genuen esperientziarik.
M: Taberna zuena etorri zen gure etxera eta esan zigun utziko zuela, beste lan bat atera zitzaiolako. Proposatu zigun guri hartzeko. Zortzi egun egon zen gurekin.
I: 1990eko abuztuaren 10ean ireki genuen. Egun horretan auzoko ume bat jaio zen eta aitari afaria prestatu genion. Gurekin afaldu zuen. Ez dakidanean zenbat urte daramagun hemen, aitari galdetzen diot zenbat urte dituen bere semeak.
Zer esan dizuete etxean pregoilari izateari buruz?
L: Ezustean harrapatu ditugu, baina esan digute merezi dugulako izango garela pregoilari.
M: Gu izututa joan ginen etxera. Izan ere, jendearen aurrean hitz egiteak… urduritasuna sortzen digu.
I: Eneritz Alonsok mezua bidali zidan, galdetzeko ea ahizpekin hitz egin nuen. Deitu nion Marisoli eta aipatu zidan pregoilariak izango ginela. Erantzun nion Eneritzi hauek oso urduri zeudela eta berak azpimarratu zidan ni ere pregoilari izango nintzela, gure ibilbideagatik hautatu gaituzte eta.
Pentsatu duzue zer esango duzuen?
L: Ez, zurekin hitz egin duguna aipatuko dugu; gure bizitza dela.
I: Arazoa da herriaren aurrean esatea.
Jaietan parte hartuko duzue?
M: Beti egiten dugu, eta paella eta tortilla txapelketak irabazi ditugu. Tabernan gaudenez beti txandaka, jaiak aukera dira familia osoarekin elkartzeko.
Horregatik hasi ginen paella eta tortilla txapelketetan parte hartzen. Guztiok sukaldatzen dugu eta jaian gaude. Batzokira gatoz eta hemen bazkaltzen dugu senide eta lagun batzuekin. Aurten ere egingo dugu.
I: Abuztuko azken bi asteak beti itxi dugu. Ospakizunak urrun dira eta horrela guztiok gozatzen dugu.