ONINTZE ARANBURU

“Modaren mundua zaila da, baina gustatzen zait eta orain ez badut egiten, ez dut egingo”

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko urr. 2a, 08:32

Onintze Aranburu diseinatzailea. / Naia Vallejo Torres

Moda mundua betidanik izan du pasio ONINTZE ARANBURUk (Okondo). Jostunen familiatik dator eta patroigintza, joskintza eta artisau metodoak ikasi ditu. Ezkontza jantziak egitea gustoko du gehien, horretan ikusten du bere burua etorkizunean, eta ikasturte honetan Madrilen hasiko ditu praktikak ezkontza-soineko enpresa batean.

Zein da zure harremana modarekin?

Betidanik oso gustuko izan dut moda mundua, puntua egitea eta jostea; izan ere, jostunen familiatik nator. Hala ere, ez nuen era profesionalean ikusten, hobby moduan baizik, eta batxilergoa bukatzean hainbat urte eman nituen ingeniaritza ikasketak egiten.

Zergatik erabaki zenuen modari lotutako ikasketak egitea? 

Pasioak eraginda. Ingeniaritza utzi eta nire zaletasuna zena jarduera profesionaltzat hartzea erabaki nuen. Informazioa bilatzen hasi nintzen, eta Patroigintza eta Moda goi mailako zikloa egin nuen Barakaldoko Nicolas Larburu zentroan, bi urtez. Bertan, patroigintza eta joskintza industrialari buruzko ezagutza handia jaso nuen: diseinuak nola egin, ze makinak erabiltzen diren, prozesua, ze material erabili ahal diren, oihal bakoitzaren funtzioa… Esperientzia oso ona izan zen, eta bukatu nuenean Bilboko IFEELNUT enpresan egin nituen praktikak.

Zein izan da zure ikasketa ibilbidea orain arte?

Goi mailako zikloa bukatu nuenean, joskintza xehetasunak, artisau-metodoak eta bere erabilerak beti interesatu zaizkidanez, Goi Mailako Joskintza ikasten jarraitzea erabaki nuen, Javier Barroetaren Goi Mailako Joskintza eskolan, Bilbon. Bertan, pieza bakoitza egiteko era guztiz ezberdina da; artisaua da, neurrira egindako piezak sortzen dira, eta puntada eta xehetasun bakoitza zaintzen da. Antzinako metodoa da, gure amamek erabiltzen zuten metodoa. 

Bukatu bezain pronto, Cristobal Balenciaga museoan goi mailako jantzigintza ikastaro bat egiteko aukera ere izan dut.

Hemen bakarrik ez, Londreseko Saint Martins Unibertsitatean ere egon zinen.

Bai. Iragan irailean, Javier Barroetaren Goi Mailako Joskintza eskolan bigarren urtean negoen bitartean, BIAAFek (Bilbao International Art And Fashion) ematen dituen dirulaguntzei esker, Londoneko Saint Martins Unibertsitatean egon nintzen hamabost egunez.

Transmision-eko lehenengo etapa egiten da bertan. Transmision BIAAFek eta Balenciaga museoak egiten duten proiektu bat da, eta bi astez, Balenciagan oinarrituta, diseinu edo proiektu bat egitean datza. Koadernoan marrazkiak eta collageak egiten hasten zara, eta gero manikian oihal birziklatuekin, paperarekin… proiektua egiten zoaz. Bi asteak igarotzen direnean proiektua aurkezten duzu. 

Bigarren etapa lehiaketa da. Bigarren etapa horretara pasatzea lortzen baduzu, Balenciaga Museoan klaseak emateko aukera duzu eta, ondoren, irabazleetako batek bere proiektua aurkezten du Balenciaga Museoan. Ni ez nintzen bigarren etapara pasatu, baina tira, lehenengoa egiteko aukera izan nuen.

Diseinu propioak egiten dituzu?

Gradu Amaierako Proiektuan nire lehen ezkontza bilduma aurkeztu nuen, Euskalduna Jauregian, Amalore deiturikoa. Ezkontzako soinekoetan eta botanikan dago inspiratuta, eta ehoziri eta parpaila teknikak erabili ditut. Hiru jantzi egin ditut guztira.

Saltzen dituzu zure diseinu propioak?

Ezkontzakoak ez, baina bai, gauzak egin ditut. Gainera, nire bikotekidearen amak Amurrioko denda batean egiten du lan, nik ere bertan lan egiten dut, eta horrek ere lagundu dit gauzak nola erabili behar diren jakiten.

Ikusi eta ikasi duzun guzti horretatik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Ezkontza diseinuak. Izan ere, diseinu hauetan eskuz egindako jantziak izatea eta detaileak edukitzea asko baloratzen da. Nire amamak erosten zituen jantziak bezalakoak dira, kalitatezkoak eta bakarrak.

Zer asmo duzu orain?

Irailean Madrileko ospe handiko ezkontza-soineko enpresa batean hasi ditut praktikak, lau hilabetez, eta gero bertan geratzeko asmoa daukat.

Zertan ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Jantzi hauek egiten. Lehenengo kanpora joan eta probatu nahi dut, etxera itzultzeko denbora beti izango dut. Okondon ere badago aukera lan egiteko, baina egia da hemendik kanpo gehiago dagoela. Gainera, jendeak lana baloratzen du baina askok ez dute hori ordaindu nahi. Dendetan jendeak erosten du, baina norbaitek zerbait egiten duenean, pentsatu behar duzu horren atzetik denbora eta materiala dagoela, eta bakarra dela. Modaren mundua zaila da, baina gustatzen zait eta, orain ez badut egiten, ez dut egingo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide