Aurora Mendieta ezagunagoa egiteko asmoarekin, bere izena jarri diote haurreskolako lehen solairuan prestatu duten aretoari, eta Hasta morir la muerte liburua aurkeztuko dute bertan, ostiralean 19:00etan. Eleberriaren egilea okondoarra da jatorriz, Veronica Garcia Peña, hain zuzen. Hala ere, aspaldi Xixonen bizi da. Idazlea Premio Planeta literatura sariko finalista izan da birritan eta Okondon bertan girotuta dago sortu duen azken kontakizuna.
Aurora Mendieta
Okondoko Udalak duen informazioa Aurora Mendietari buruz ez da izugarri oparoa, baina zenbait datu baditu erakundeak. Esaterako, ez dago argi non eta noiz jaio zen, baina 1863an Bilbon ezkondu zen Joaquin Quintana y Osaterekin.
22 urte geroago, Aurora Mendietaren aitak bere senarrari emandako dotea eskuz aldatu zen. Hau da, Joaquin Quintana y Osateren jabegoa izan ordez, emaztearen izenean erregistratu zuten ezkonsaria.
Aurora Mendietak bi lursail bereganatu zituen, bat Okondon, Arenalden, eta beste bat Basaurin; eta bere borondatea izan zen Okondon neskentzako eskola eraikitzea. 1904ko irailaren 4an hasi ziren lanak eta 1905ko ekainaren 25ean bukatu zituzten. 17.500 pezeta zituen oraindik emakumezkoak, eta 1907an sortu zuten ofizialki San Juan Bautista eskola.
Hezkuntza zentro horretan gutxienez urtebetez Okondon bizitzen zeramaten familiek matrikulatu ahal zituzten euren alabak, 5 eta 14 urte bitartekoak soilik. Umezurtzek ere eskubide bera zuten. Irakurketa, matematikak, higienea, etxeko zereginak eta idazketa ez ezik, erlijio katolikora lotutako ikasgaiak ere ematen zituzten.
Egun, haurreskola da eraikin hori eta horregatik, hain zuzen, 'Aurora Mendieta' deitzen da zentroa.