Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Okondon girotutako misteriozko eleberri historikoa da 'Hasta morir la muerte'"

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 19a, 12:30

Veronica Garcia Peña ostiralean egongo da Aurora Mendieta aretoaren inaugurazioan. / V. G. P.

VERONICA GARCIA PEÑA (Okondo) bere jatorrizko herrira itzuliko da bihar Aurora Mendieta Aretoaren inaugurazioan parte hartzeko 19:00etan, Okondon bertan girotuta dagoen eleberria aurkezteko: Hasta morir la muerte. Lan hori eta bere literatura ibilbidea izan ditu hizpide.

Hasta morir la muerte Okondon girotutako eleberria da. Zergatik hartu zenuen bertan kokatzeko erabakia?

Nobela hau jaiotzen ikusi ninduen lurrari egindako omenaldia da, nire zainetatik dabilen iparraldeari. Okondon girotutako istorioa da. Amonaren baserria dago bertan, eta nik haren kondairak eta magia benetan sentitzen ikasi nuen. Okondon daude nire sustraiak eta eszenatokiak, fikzionatuta egon arren, nobelako pertsonaiak edo trama bezain garrantzitsuak dira. Leku bakoitzak bere arima du, bere historia, eta Okondok berea.

Zein dira narrazio honen elementu nagusiak? Zer genero lantzen dituzu?

Misteriozko eleberri historikoa da, gotiko tradizionalaren ezaugarriak eta euskal errealismo magikoa nahasten dituena. Unibertso paregabea sortzen dut horrela. Literatura ona ulertzeko dudan modua islatzen duen eleberria da. Baina, batez ere, istorioen boterean sinestetik sortutako lana da. Ipuin tradizionaletatik gertu dago batzuetan, intrigaz eta folklorez beteta. Liburu honek istorio handi bat kontatzen du, beste txikiago batzuez osatua, eta misterioa sortzen du. Hil arte.

"Okondon girotutako istorioa da. Amonaren baserria dago bertan, eta nik haren kondairak eta magia benetan sentitzen ikasi nuen"

Zer espero duzu aurkezpenean? Harremanetan egon zara Okondoko bizilagunekin? Nola sortu zen aurkezpen hau?

Udalaren bitartez sortu zen. Liburuaren aurkezpena egitera gonbidatu naute, baita Aurora Mendieta aretoaren inaugurazioan parte hartzera ere. Ilusio berezia egiten dit horrek. Zirraragarria eta atsegina da, baita ere, estimatua izatea nire irudimena hainbeste inspiratzen duen eta kide naizen iparralde honetan. 

 

Gainera, nahiz eta ni Xixonen bizi, Okondon familia daukat oraindik, eta han esperientzia asko bizi izan ditut, gero nobela honetan eta beste batzuetan erabili ditudanak. Ez dago oroitzapenak baino musa hoberik.

Auzokoen lehen inpresioei dagokionez, pozik nago. Liburuan kontatzen dudan istorio orokorra ez ezik, liburua osatzen duten xehetasunak ere gogoko izan dituzte, tradizioak, ohiturak eta, hasieran nioen bezala, agertokien arima hurbiltzen dizkigutelako.

Ez da zure lehen lana, eta behin baino gehiagotan aurkeztu zara Planeta Sarira, baita sariaren finalisten artean geratu ere. Nola baloratzen duzu zure ibilbidea?

Oro har, pozik sentitzen naiz. Literatura-karrera, kultura-munduarekin lotutako beste lanbide batzuk bezala, gorabehera askoko jarduera da, eta kemen, ahalegin eta pazientzia handia eskatzen du. 

Pazientzia giltzarria da, beti norberarengan sinestea bezala, nire irudimenetik eta hitzetatik sortzen eta hazten dena garatzeko. Oso garrantzitsua da niretzat Planeta Sariko finalisten artean bi aldiz hautatua izatea. Urratsak dira, tranpolinak batzuetan, bidea egiten laguntzen dizutenak eta irakurleengana zuzenago hurbiltzen zaituztenak.

Zer ikasi duzu idatzi duzun liburu bakoitzarekin literatura esparruan?

Nire ahotsa, nire instrumentua, afinatzen eta perfekzionatzen ikasi dut, musikariak bezala. Ahots hori beti egon da nirekin, hasieratik, baina orain ezagunagoa da, baita indartsuagoa eta seguruagoa ere. 

"Oso garrantzitsua da niretzat Planeta Sariko finalisten artean bi aldiz hautatua izatea"

Ahots bat estilo bati lotuta, niretzat kontatzen dena bezain garrantzitsua delako kontatzeko modua. Funtsa eta forma. Funtsezkoa da biek elkarrekin dantzatzen jakitea.

Zein erreferente dituzu idazteko orduan?

Asko ditut, oso irakurle heterogeneoa naizelako, baina onartu behar dut benetan maitemindu naizela misteriozko eta beldurrezko eleberri viktoriarrarekin, bere istorio eta pertsonaiengatik; eta baita gotiko iparramerikar garaikidearekin ere, bere egiturengatik. 

Brontë ahizpak, Henry James, Gaskell, Collins edo Le Fanu, adibidez, izugarri gustatzen zaizkit, baina baita Baroja, Calderon, Bécquer... Izan ere, istorio hau Pio Barojaren ipuinen berrirakurketari esker sortu zen. Zehazki, "Mari Belcha" ipuinarekin. Hori izan zen Hasta morir la muerte sortu eta hazi zuen txinparta.

Eta bizirik dauden egile gogokoak ere baditut, jakina, egile hilez gain inspirazioa elikatzen dutenak. Horien artean daude Joyce Carol Oates, Diane Setterfield, Jane Harper, Claire Fuller, Chris Whitaker edota Gillian Flynn, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide