Okondoko Udalak deialdia zabaldu zuen azaroaren 3an bilera bat egiteko Valentziako euriteen harira. Batzar horretan herriko 20 lagun baino gehiagok parte hartu zuten eta tokiko erakundeak konpromisoa hartu zuen bilketa bideratzeko eta Valentziako auzo elkarteen esku uzteko jasotakoa.
Jon Escuza alkateak erantsi du udal kontu korronte bat baliatu dutela dirua biltzeko eta, horrez gain, herritarrekin material bilketa egin zutela. "Hiru egunez, 9:00etatik 20:00ak arte ekarpenak egiteko puntua egon zen, herritarren txandei esker", naarmendu du gobernuburuak.
Hiru furgoneta
Elkarlan horri esker, hiru furgoneta betetzeko materiala eskuratu zuten eta asteazkenean 00:00etan abiatu ziren bi ibilgailu Okondotik eta hirugarrena apur bat beranduago. Zortzi herritar atera ziren guztira. Bidaia luzea izan zen eta 8:00ak aldera heldu ziren Valentziako eremu kaltetura, baina zailena heltzear zegoen.
"Zenbait biltegitara jotzea adostu genuen, baina hara heltzean, militarrek eta poliziak ez ziguten utzi pasatzen, makinak atera zituztelako lan egitera. Antolakuntza falta handia dago", adierazi du alkateak.
Orduak materiala utzi arte
Okondoko herritarren nahia zen laguntza auzo elkarteen egoitzetan lagatzea, eta ez biltegi handietan, toki horietatik materiala ez delako ateratzen. Horregatik, denbora luzea behar izan zuten toki horiek identifikatzeko: "Hainbat telefono dei egin behar izan genituen ezagunen bidez eta 16:00etan lortu genuen. Gero hirugarren furgoneta heldu zen eta hori bai eraman genuela hitzartuta genuen puntura", aipatu du Escuzak.
Alkateak berak aitortu du esperientzia gazi-gozoa izan dela. Alde batetik, hango egoera oso gogorra da; baina, bestetik, Okondoko herritarrekin batera hartutako konpromisoa bete dute eta ahal izan duten neurrian lagundu dute. "Banaketa zuzen apur bat egiteko aukera izan dugu. Herritar batzuei botak eman genizkien eta oso eskertuta zeuden".