Badago prest Olentzero eta Mari Domingik Okondora egingo duten bisitarako egitaraua. Arratsaldeko bostetan hasiko da giroa Iratxo dantza taldearen emanaldiarekin, San Bartolome plazan. Horren ostean, Jandiolarantz abiatuko dira herritarrak, kriseiluak eskutan, bertan izango baitituzte bi pertsonaiak zain.
Ondoren, plazara itzuliko dira, eta Gabonetako literatur eta postal lehiaketako opariak eta sariak banatuko dituzte bertan.
Lehiaketetara aurkezteko azken eguna, datorren osteguna
Hain zuzen, ostegun honetan (abenduak 19) amaituko da bi norgehiagoka horietan parte hartzeko epea. Postalenean hiru kategoria daude: 2-5 urte bitartekoena, 6-8 urtekoena eta 9-12 urtekoena. Lehenengoko parte hartzaileek baldintza bakarra bete beharko dute: irudian Mari Domingi eta Olentzero agertzea. Beste bi modaliteetan, aldiz, honako esaldi hau ere txertatu beharko dute: "Zorionak eta urte berri on". Liburutegian entregatu daitezke lanak.
Literatur lehiaketan, aldiz, bi kategoria daude: 7-10 urte bitartekoena eta 11-16 urte bitartekoena. Kontakizunaren gaia "Gabonak" izango da eta eskuz idatzi beharko da DIN A4 tamainako folioetan, orrialde bat eta bi orrialde arteko luzerarekin. Euskarazko zein gaztekerazko kontakizunak onartuko dira, eta liburutegian aurkeztu beharko dira izenik gabeko gutunazal itxi batean.