Okondoko Udalak jakinarazi du Kultura Etxeko teilatua guztiz berritu duela fibrozementua kentzeko eta eraikinaren egoera termikoa konpontzeko. Izan ere, estalkiak bazituen arrakalak zeinetatik ura pasatzen zen.
Guztira, hiru hilabeteko lanak izan dira eta 282.870 euroko inbertsioa. Ia diru guztia laguntzen bidez eskuratu du tokiko erakundeak. Alde batetik, 152.521 euro 2022-2023 Obren Foru Planaren bitartez lortu ditu eta beste 100.000 euro Eusko Jaurlaritzako EREIN programari esker.
IHOBEk, azkenik, 5.223 euro eman dizkio Udalari fibrozementua kentzeko. Izan ere, aipatu beharra dago lanak egin ez ezik, hondakin arriskutsuak ere (amiantoa, gehienbat) kudeatu behar izan dituztela.
Jon Escuza alkatearen aburuz, "obrek nabarmen hobetu dute eraikinaren egoera termikoa". Halaber, gogoratu du Kultura Etxea herritar askok erabiltzen dutela, ikastaroak han eskaintzen direlako eta elkarte askok ere han antolatzen dituztelako euren jarduerak.