Okondoko EH Bilduk mozioa aurkeztu du herriko baserrien zatiketa ahalbidetu dezaten, eraikin batean bi etxebizitza edo gehiago egon daitezen.
Koalizioak bi helburu bete nahi ditu horrekin. Alde batetik, etxebizitza beharra asetzea eta, bestetik, udalerriko ondare kulturala zaintzea: "Okondoko baserriak, gure ondarea, hondatzen eta behera etortzen ari direla ikusten dugu, eta ezin dugu hori onartu".
Ekimena egikaritzeko, lehenik eta behin, testua onartu beharko dute beste taldeek eta gero aldaketa hori txertatu beharko dute Udal Hirigintza Araudian, Udal Arau Subsidiarioek ez baitute baimentzen baserrien zatiketa.
Horrez gain, EH Bilduk eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari "baserriak birgaitzeko laguntza-lerroak ireki ditzatela, jabetzako nahiz alokairuko etxebizitzen eskaintza arrazoizko prezioan zabaltzera bideratzeko".