Okondoko alkateak uste du urrats historikoa egin duela herriak. Izan ere, kiroldegi berriaren proiektuaren esleipena abiatu dute, pleguak argitaratuta.
Guztira, 2,2 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dauka egitasmoak eta "kostuaren %84 baino gehiago laguntza publikoek" ordaintzea lortu duela aldarrikatu du tokiko erakundeak.
"Guztira, 1.913.729,60 euro lortu ditugu Foru Planetik, Eskualdeko Jarduera Planetik (NPB) eta Ingurumeneko ildo espezifikoetatik datozen dirulaguntzetan. Era berean, Udaletik beste dirulaguntza deialdi batzuetara joatea da gure asmoa, proiektuaren finantzaketa osoa lortzeko helburuarekin", aurreratu du udalburuak.
Azpiegitura berriari dagokionez, gimnasioa, erabilera anitzeko aretoak, aldagelak eta padel pista izango ditu. Hori guztia futbol-zelaiaren ondoan kokatuko da, egungo eraikina ordezkatzeko.
Udalaren asmoa da obrak udan hastea eta urtebetez luzatzea, eta horrekin espazio moderno eta egokia lortzea kirola egiteko.