Okondoko Udalak prentsa-oharra zabaldu du kritikatzeko Arabako Foru Aldundiak muzin egin diola tokiko erakundeak egindako eskaerari. Zehazki, Jon Escuza alkateak ardura egotzi dio Jon Nogales Garraio eta Mugikortasun Diputatu sozialistari eta leporatu dio "presazko behar bati ez erantzutea, batez ere udalerriko ikasleen artean".
60 ikasleentzako zerbitzua
Zehazki, Okondok eskatu zuen Álavabus zerbitzuaren 16. linearen ordutegia egokitzea; autobusaren irteera 08:35etik 07:50era aurreratzea, hain zuzen. Udalaren aburuz, proposamena onargarria da eta 60 ikasle okondoarrei ahalbidetuko lieke Laudioko eta Amurrioko ikastetxeetara garaiz iristea, "zerbitzuaren gainerako erabiltzaileei eragin negatiborik izan gabe".
Aldundiaren erantzuna
Foru erakundeak, dena den, baztertu du iradokizuna. Udalaren iritziz, gainera, "zerbitzua egokitzeko prestasunik erakutsi gabe".
"Mugikortasun Zerbitzuak arrazoi teknikoak eta kontratuzkoak argudiatu ditu, eta ziurtatu du bigarren ibilgailu bat sartu beharko litzatekeela, oraingo emakidan aurreikusi ez dena. Udalaren ustez, jarrera horrek erakusten du departamentu sozialistak ez duela borondate politikorik eta sentsibilitaterik herri txiki edo landatarrenen eskaerekin", adierazi du Jon Escuza alkateak.
Udalburuak berak aldarrikatu du garraio publikoa ez dela luxua, baizik eta eskubidea. "Arabar guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, aukera berdinak izango dituztela bermatu behar du. Hori da lurralde justu eta kohesionatu baten oinarria", ondorioztatu du Escuzak.
Elkarlanerako prest
Dena den, tokiko erakundeak prestutasun osoa adierazi du Arabako Foru Aldundiarekin batera adostasuna lortzeko: "Udalak berretsi egiten du udalerriaren interes orokorraren defentsarekin duen konpromisoa, eta berretsi egiten du laguntzeko prest dagoela benetako konponbideak aurkitzeko, garraio publiko erabilgarria, irisgarria eta landa-ingurunearen errealitatera egokitua bermatzeko".