Sortzaile digital moduan definitzen duzu zure burua. Noiz eta zergatik ekin zenion sare sozialetan edukia sortzeari?
Sortzaile digital moduan bai; influencer moduan, ez. Azken finean, nire adierazteko modua beti izan da bideoak egitea; betidanik, nire momentuak edo oroitzapenak gordetzeko argazkiak edo bideoak egiten nituen.
Ez dakit zenbat CD ditudan argazkiekin. Gainera, film laburrak egiten nituen Zuhatzan, nire lehengusinarekin eta lagunekin. Adibidez, parrandan ateratzen nintzen bakoitzean, hurrengo egunean laburpenak egiten nituen blogetan: lehenengo Metroflogen, gero Fotologen, Tuentin... eta azkenik, Maltara egindako bidaia batean, 19 urterekin, Instagram ezagutu nuen.
Bertan, gustatzen zitzaidan argazkiak igo eta idatzizko laburpenak partekatzea. Gogoratzen naiz lehen Instagram argazkiak igotzeko bakarrik erabiltzen zela, baina nik ordurako etxean bideoak egiten nituen: nire igerilekuan edo logelan arropa probatzen. Hori kristoren lana izaten zen, editatzean formatuak aldatu behar nituelako Instagramean igotzeko. Baina gustuko nuen.
Pertsona bakoitza desberdina da, eta erlaxatzeko edo "ihes egiteko" gauza ezberdinak egiten ditugu: batzuek irakurtzen dute, beste batzuek musika entzuten dute... nire kasuan, grabatutakoa editatzea da sentsazio hori ematen didana. Ordu asko pasa ditzaket, konturatu gabe, editatzen; baina azkar editatzen dut, praktika handia dudalako eta nire egunerokoan beti dagoelako.
Noiz pasatu zen jardun hori zaletasun bat izatetik zerbait gehiago izatera? Zein izan zen inflexio puntua?
Ez dakit zein izango zen momentu zehatza; nire ustez, prozesu luzea izan da. 18 urterekin, Leioako Unibertsitatean matrikulatu nintzen Publizitatea ikasteko, baina beldurragatik, azken momentuan (klaseak hasi baino aste bat edo bi lehenago) aldatu nintzen, eta Deuston (BAM) Lehen Hezkuntzako Gradua ikasi nuen, arte eta hezkuntza arloan, noski.
Karrera amaitu nuen, amaitu behar nuelako, baina ez nuen irakasle izan nahi. Beti izan dut buruan benetan gustatzen zitzaidana: ikus-entzunezkoak. Horregatik hasi nintzen casting-ak egiten, pelikuletan figurazioa egiten. Gero, figurazio-koordinatzailea izan nintzen, produkzioan ere lan egin nuen hainbat produkziotan, eta telebista zein zinemako kamera ikasketak egin nituen Deuston, Salesianos ikastetxean.
Baina, paradoxikoki, Lehen Hezkuntzako Gradua titulua eman zidan nire lehen lanpostu ona zineman: Érase una vez en Euskadi pelikulan lan egin nuen, lau ume protagonistaren tutore moduan.
Bertan, nire titulua edukitzea beharrezkoa zen, baina aldi berean grabaketak, produkzioa eta zinema mundua menderatzen zituen norbait behar zuten. Normalean, zineman lanean ari direnek ez dute Lehen Hezkuntzako Gradua izaten. Horrek bultzada handia eman zidan, eta azkenean, zinema arloan egin nuen nire ibilbidea, zuzendaritza-departamenduan amaitu nuen. Hainbat produkziotan lan egin dut, lanpostu desberdinetan; adibidez, Universal Studios-ekin lan egin nuen Nafarroan, Nostromo Pictures-ekin Bartzelonan... Nire azken lana Las Pelotaris telesailean izan zen, zuzendaritzako laguntzaile gisa, aktoreekin lanean.
Hainbeste gustatu zitzaidan proiektua, non oroitzapen hori mantendu nahi izan nuen, eta gelditzea erabaki nuen. Orduan master bat egin nuen, orain amaitu dudana: MBA en Marketing Digital (Instituto Europeo de Posgrado-n), beste proiektu edo lan batzuekin batera, eta, noski, nire sare sozialei eta bideoei behar duten denbora eskainiz. Horretatik ere proiektu pertsonalak eta diru-sarrera batzuk ateratzen ari naiz.
Zure jardun pertsonalaz gain, kolaborazio eta ordainduzko lanak ere egiten dituzu. Zaila da biak uztartzea?
Niretzat ez da zaila. Betidanik oso pertsona soziala izan naiz, eta modeloa ere izan naiz. Horregatik, ekitaldi askotara gonbidatzen ninduten. Bertan, gustuko dudan zerbait edo berezia iruditzen zaidana ikusten badut, bideotxo bat egiten dut, gero nire sare sozialetan igotzeko.
Baina beste gauza bat da enpresa bat zurekin harremanetan jartzea lan zehatz bat egiteko. Adibidez, Viajes Azul Marino-rekin lan egin dut BBKrako erreportajeak egiten, edo NewBlue-rekin Latin Grammys-etan egon nintzen Sevillan. Hainbat agentziek ere idatzi didate moda arloko edo jatetxeetako lanak egiteko.
Instagrama eta TikToka baliatzen dituzu. Zer aukera ematen dizkizu tresna bakoitzak? Zeren arabera argitaratzen duzu batean edo bestean?
Galdera hau bai zaila da niretzat. Orain dela gutxi ulertu dut bien arteko desberdintasuna. Instagram bisualki politagoa da, pixka bat postureoa deritzogun hori. Bertan, txukuntasuna premiatzen da batez ere; algoritmoa oso zaila da, eta Metak bakarrik ordainduta nahi du igotakoa publikoari erakutsi...
TikTok, aldiz, organikoagoa da. Bertan saritzen dena informazioa da, kalitatezko informazioa. Gaur egun, jende askok Google erabili beharrean TikToken bilatzen ditu gauzak. Nire ustez, jakin-minari erantzuteko plataforma bihurtu da. Bueno, jakin-minari erantzuteko, eta denbora pasatzeko ere bai askotan.
Argi eduki behar dugun gauza bakarra hau da: plataformak gure esku daude, ez gu haien zerbitzura. Bestela, arazo bat dugu. Plataformak gure arreta harrapatzeko diseinatuta daude, eta hori oso arriskutsua da. Gaizki erabilita arazo bat izan daitezke, baina ondo erabilita aukera handiak ekar ditzakete.
Moda, bidaia eta planak dira TikToken sortzen dituzun bideoen ardatza. Hasieratik zenuen argi esparru horiek jorratuko zenituela edo probatu ahala joan zara erabakitzen?
Ez, nire bideoen ardatza mugitu da, nire bizitza mugitzen zen heinean. Horregatik esaten dut nik ez naizela instagramer bat, eta ez dudala nitxo zehatzik: egun batean moda ikusten ikusiko nauzu Madrilgo MBFW pasareletan, eta beste batean Aiaran nago, gaztandegi bat erakusten. Oso modu naturalean.
Okondokoa zara. Herri txiki batean bizitzea aukera bat edo muga bat da eduki digitalen sorkuntzan aritzeko orduan?
Okondokoa naiz eta harro, baina egia da muga bat izaten dela normalean. Azken finean, herri txiki batean ez dago hainbeste gauzarik, ez dago ekitaldirik edo networking egiteko modurik hiri handi batean bezala. Baina buelta eman diezaiokezu eta landa eremuko edukiari heldu, zure merkatu propioa sortuz.
Hala ere, nire kasuan hori ez doa bat nire izaerarekin. Nire baitan badago herritar sentimendu sendo bat, eta nabaritzen da, baina badut beste aldea ere: giroa, ekitaldiak eta hirietako bizitza gustatzen zaizkit. Horregatik uztartzen dut dena: bideoak egiten ditut gauza orori buruz eta badakit denei ez zaiela gustatuko, baina lehen hitz egin dugu pertsonalitateaz, eta uste dut hori ere nire esentzia dela.
Horrelaxe jarraituko dut, bi munduen artean, batere utzi gabe. Alde batetik, nire sustraiak, hainbeste zor diedalako. Bestetik, bizitako bideak, hainbeste zoriontasun eta inoiz amestu ere ez nituen esperientziak eman dizkidatenak.