Gorka Aginagalde aktore eta umoregilea izango da Okondoko Txakolin Jaiko gonbidatua. Bera arduratuko da ohorezko brindisa egiteaz bihar 13:00etan, goiz osoko egitaraua klimaxera eramateko.
San Bartolome enparantza izango da festaren epizentroa. Hegaluzea zein hanburgesa txikiak dastatzeko aukera emango dute bertan, eta txakolina, noski. Urtero bezala, Arabako Jatorrizko Izendapenaren barruan dauden ekoizleek hartuko dute plaza, azken uztaren emaitzak partekatzeko.
14:30ean emango diote amaiera goizeko txanpari, zozketarekin. Arratsaldean, aldiz, igerilekuetara mugituko da giroa, bertan joko baitu Radio Vinilo taldeak, 1980. hamarkadako kantuen bertsioak plazaratuz.
Haurrentzako, "Txakotxikigunea"
Haurrek ere izango dute zertan gozatu. "Txakotxikigunea" atonduko dute Kultur Etxean, 11:30etatik 14:30etara. Umeentzako eskulanak, jolasak eta talo tailerra eskainiko dituzte bertan. Izen ematea, dena den, ekainaren 30ean itxi zen.
