Ertzaintzak jakinarazi duenez, gaur gauean istripua jazo da Okondon, 01:00ak aldera, A-3632 errepidean. Auto bat bidetik atera eta irauli da. Barruan bi gizonezko eta bi emakumezko gazte bidaiatzen ari ziren.
Bi gizonezkoek zauri larrienak jaso dituzte eta suhiltzaileek ibilgailutik atera dituztenean erreanimazioa egin behar izan diete. Hala ere, horietako bat, gidaria, hil da. Beste gizonezkoa gaur goizean zendu da.
Beste bi gazteak, 17 eta 19 urte bitartekoak, ospitaleratu behar izan dituzte eta bat, gainera, egoera larrian dago. Ezbeharraren ondorioz 05:30ak arte eten dute trafikoa errepidean.
Hiru eguneko dolua
Okondoko Udalak hiru eguneko dolua ezartzeko ezohiko udalbatza egingo du gaur 15:00etan. Gertakari larriak jazotzen direnean hartzen du neurria.