Iraitz eta Haimar, zaila zen imajinatzea kuadrilla berean bi lagun hain ezberdin, eta aldi berean hain maitatuak. Haimar, zu irekia eta berbatia zinen. Parrandan beti joateko prest, bizitasun osoz igarotzen ziren egunak eta guztiak ziren historikoak zuretzat. Kuadrillaren aurpegia zinen, herriko jende ororekin harremanetan zegoena. Iraitz, zu, aldiz, isila zinen zure konfiantza ez zutenekin. Ordea, gurekin mila galdera zenituen guztia jakin ahal izateko. Izan ere, jakin-mina handia zenuen eta sekretuak gordetzeko gaitasuna, gainera beti zeunden laguntzeko prest. Horrek ez
du esan nahi aingerua zinenik! Txantxak egitea izugarri maite zenuen eta, guztiok hitz egin ostean zuk zerbait gehitzen bazenuen, bagenekien zaska etorriko zela.
Haimar, zuk gogoko zenuen jendearekin aritzea, eta zu, Iraitz, aske mugitzea. Gauza ugaritan ezberdinak zineten eta beste batzuetan bat egiten zenuten. Dena ez zen parranda. Izan ere, mendia eta naturarekin harremanetan egoteari tartea eskaintzen zenioten. Haimar, zuk abereak zaintzeko, eta zu, Iraitz, onddoen garaia noiz iritsiko zain zeunden eta, gainera, quadarekin mendian ibiltzea atsegin zenuen Ganekogortan.
Okondo herri txikia da eta utzi duzuen hutsunea handia. Kuadrillan ere zuen ekarpena, prestutasuna eta adiskidetzaren falta sumatuko dugu. Ez dakigu zehazki noiztik ezagutzen zaituztegun, beti egon zaretelako gurekin. Eta hemendik aurrera nola jakingo dugu zenbat egun falta diren Otaolako jaiak hasteko Haimarrek ez badu atzera kontaketa egiten? Nork deituko gaitu egunean bertan gertatu dena kontatzeko bizitasun osoz? Nork egingo ditu parrandan dantza pauso arraro horiek Iraitz ez bada?
Zorionez, zulo hori betetzeko oroitzapen polit ugari eta gertuak ditugu. Nola ahaztu herriko azken jaiak eta, bereziki, Ugarteko Txapelketako azken finala. Egun osoa partekatu genuen goizetik. Elkarrekin bazkaldu genuen frontoian gainerako kuadrillekin eta gero Ugartera jo, eta nahiz eta partida galdu, gero bertan, Okondon, elkarrekin, ospatu genuen, guztiok, batera.
Iraitz, Haimar, ez zaituztegu ahaztu nahi, ezta zuen gurasoak ere, horregatik adierazten dizuegu hemen gaudela behar duzuenerako.
Zuen kuadrilla, Cabrones