Txirrindularitzari lotutako ‘Okondo Martxan’ jardunaldia egingo dute larunbatean

Maider Ramirez Martin 2025eko azaroaren 12a

Txirrindulariak Markuartuko aldapetan, artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Arabako beste bi udalerritan ere antolatu dituzte saioak Aldundiak eta Euskadi Fundazioak, eta doakoak dira guztiak.

Larunbat arratsaldea txirrindularitzaren munduan murgilduta emateko aukera egongo da Okondon. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiak eta Euskadi Fundazioak antolatu dute Okondo Martxan egitaraua, horrela “kirola eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko konpromisoa” erakusteko.

Egitaraua honako hau izango da, arratsaldeko lauretan hasita:

  • Marea laranja dokumentalaren proiekzioa, euskal txirrindularitzaren historia eta espiritua aztertzen dituena.
  • Hitzaldi-solasaldia txirrindulari profesionalekin, kirolaren esperientziak eta balioak partekatzeko.
  • Euskaltel-Euskadi taldearen autobusa, barruko bisitetarako irekia.
  • Bidoia oparitzea bertaratutako guztiei.
  • Parte hartzea sustatzeko bizikleta materialaren zozketa.

Jarduera guztiak doakoak eta sarrera librekoak dira; beraz, ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.

Burgelun azaroaren 2an izan zen hitzordua eta Navaridasen igandean izango da, egitarau bertsuarekin.

Jardunaldien helburua bizikletaren garrantzia azpimarratzea da, “ohitura osasungarriak, lurralde-kohesioa eta jasangarritasuna sustatzeko tresna gisa”, antolatzaileek adierazi bezala. "Herritarrek Araba bi gurpilen gainean deskubritzea nahi dugu, giro familiar eta parte-hartzailean", azaldu du Laura Perez Borinaga Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide