“Klubeko jokalari batzuek Europako klubetan bukatuko dute ziurrenik”

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 6a

Scouting lanetan ari da Iñaki Fernandez de Zuazo okondoarra. / Aiaraldea.eus

IÑAKI FERNANDEZ DE ZUAZO Ekuadorren dabil Independiente Del Valle futbol klubean. Talde oso garrantzitsua da han eta jokalari gazteekin ari da lanean.

Non zaude orain?

Orain Ekuadorren nago, Quito alboan, 40 kilometrora, El Valle de los Chillos deiturikoan. Futbol klub batean ari naiz lanean, Independiente del Vallen, scouting, metodologia, trebakuntza… egiten ditut. 

Klub honek indar handia dauka. FC Barcelonak egiten duen moduan, herrialde osoko jokalari gazte onenak hautatzen dituzte eta hona etortzen dira bizitzera. Azpiegiturak dituzte, ikastetxea eta guzti. Bizitza osoa egiten dute hemen jokalariek. Izan ere, gazte batzuen etxeak ehunka edo milaka kilometrora daude eta ezin dute bidaia egin egunero. 

Eta zer da zuk egiten duzun lana zehazki?

Aintzat hartu behar da hemen denboraldia urtarrilan hasten dela eta ni duela gutxi heldu naizela. Hortaz, egiten dut mutilen hautaketa eta baita nazioarteko lana ere. Entrenatzaile gisa ere aritzen naiz jokalari gazteenekin.

Nola sortu zen aukera hau?

Ni Athletic Clubarekin nenbilen proiektu bat egiten ikastaro baten barruan. Ikastaro horretan soilik parte har zezaketen hautatutako pertsonek. Han ezagutzen nuen jendea eta, horietako baten bitartez, Unai, lortu nuen hona etortzea. 

Hemen bazeuden Bilboko bi kide. Bat zen Unai Bonbin. Berak ezagutzen zuen Arkaitz, Athleticeko harrobiko zuzendari lanetan egondakoa. Berarekin jarri nintzen harremanetan eta horrela heldu nintzen. Gustuko izan zuen nola egiten dudan lan eta eskatu zidan Ekuadorren geratzeko eta harekin joan nintzen bizitzera.  Gero itzuli nintzen Euskal Herrira, amaitu nuen unibertsitatea eta nire hasierako asmoa zen Ekuadorrera jotzea berriro, baina Eibarren lana atera zitzaidan eta denboraldia amaituta, orduan bai, Independiente del Vallera itzuli naiz. Nire erreferentea hemen Arkaitz Mota da, hemengo talentu departamentuko zuzendaria. Berak nigan konfiantza jarri du.

Eibarren eta Lezaman egon ondoren, zein desberdintasun sumatu dituzu?

Hemen talentu handia dago. Hemengo jokalarien biotipoa oso nabarmena da. Fisikoki oso indartsuak dira eta gurekin lanean ari diren gazte batzuek ziurrenik bukatuko dute Europan jokatzen. 

Kontuan hartu behar da egun Europako puntako taldetan ari direla Ekuadorreko zenbait jokalari: Moises Caicedo, William Pacho, Kendry Paez...

Talentuaren aldetik, maila handia da, baina futbola ez da taktikoki hain ona, Euskal Herrikoarekin alderatuz, adibidez. 

Hori bai, oso jokalari onak daude, askok afrikar erroak dituzte eta azkarrak eta indartsuak dira, izugarria da.

Klubaren aldetik, oso ezberdina da?

Eibar herriko talde bat da, baina profesionala. Ez daukate bitarteko askorik eta hala ere oso ondo egiten dute. Tratua oso hurbila eta ona da, baina Athleticeko metodologia eta giroa bikaina da. Adibidez, Athleticeko jokalariek, teknikoki edo fisikoki ez dute horrenbeste tresna, baina euren eraginkortasuna handiagoa da. Praktikoagoak dira eta taktikoki hobeto ulertzen dute futbola. Klubaren ikuspuntutik, Independiente del Valleko azpiegiturak eta Athleticekoak antzekoak dira. Belar sintetikoko zelaiak berdinak dira eta belar naturalekoen kasuan, Lezamakoak apur bat hobeak dira eta jokoa azkarragoa da han horregatik. Dena den, hau oso ondo dago, futbol zelai asko daude, bi estadio, ikastetxe bat…

Nolako giroa sortzen du klubak?

Antzekoa ere. Hemen harrobiko futbol zuzendaria ere Bilbokoa da. Garatuta dago eta ez dago arazorik. Jendea etortzen da ikustera, gabeziak konpontzen saiatzen dira… Agian apur bat lasaiagoa da.

Lehen aipatu duzu ez dela zure lehen aldia Ekuadorren.

Duela bi urte egon nintzen eta abuztuan itzuli naiz. Abuztuaren 28an, zehazki. 

“Hemen dena da lan egitea: gimnasioan entrenatzea, partidak ikustea… Hori da nire bizitza. Noizbait ateratzen naiz, baina ez da nire lehentasuna”

Ezberdintasun handia dago Okondo eta Quitoko bizimoduen artean?

Garrantzitsuena da hemen ez dagoela bizitza sozial handirik. Izan ere, 19:00etatik aurrera gaua da eta ez dago inor kalean, oso arriskutsua baita. Ez dago dirurik eta gaizkile banda ugari dago. Kontu handiz ibili behar zara, ez da arrunta taberna batera joatea. Merkatalgune batera joan zaitezke, baina, oro har, etxera joaten da jendea.

Dena den, nik azpimarratu nahi dut Ekuadorrera etorri naizela lan egitera. Gogoko dudana egiten dut eta saiatzen ari naiz horretan zentratzen.  Okondon lagunekin igarotzen nuen denbora pilo, baina hemen dena da lan egitea, gimnasioan entrenatzea, partidak ikustea… Hori da nire bizitza. Noizbait ateratzen naiz, baina ez da nire lehentasuna.

Zer da gehien botatzen duzuna faltan?

Faltan gehien botatzen dudana lagunak eta familia dira, baina hemen badaukat bestelako familia futbolaren inguruan. Hori bai, ez da berdina.

Zein da zure helburua Ekuadorren?

Printzipioz urtea amaitzean, abenduan, Okondora itzuliko naiz, baina urtarrilan Ekuadorrera bueltatu nahi dut, aukera hau aprobetxatzeko eta beste denboraldi bat hemen egotea.  Momentuz ez dut helbururik jarri nahi. Lan egin nahi dut eta gero ikusiko dugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide