Euskararen itsasargia bilakatu da Okondo

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 1a

Okondotik eskualde osora, euskara pizteko deia luzatu zuten atzo Aiaraldeko Euskararen Egunean elkartu ziren dozenaka eta dozenaka euskaltzalek.

Eskualdeko euskararen hiriburu bilakatu zen Okondo igandean. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, herriko euskaltzaleekin elkarlanean, Aiaraldeko Euskararen Eguna antolatu zuen bertan. 2016an Amurrion ekin zioten Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatzeari, eta gainerako udalerri guztiak bisitatu ostean, Okondon egin du ekimenak zikloa ixteko azken geralekua.

Euskara pizteko deia

Giro euritsu eta hotzaren aurrean, aterpe epela aurkitu zuten Okondoko pilotalekuan bertan elkartutako dozenaka eta dozenaka herritarrek. Haurrentzako jolasak, Aimara antzerki taldearen emanaldia, Kaitin Allenderen bakarrizketa, herri bazkaria, dantza-plaza... Makina bat ekintza antolatu zituzten "euskara pizteko" helburuarekin. Hain zuzen ere, Aiaraldeko ikastetxeetako ikasleek egindako bonbillek hizkuntzaren aldeko mezuekin bete zuten Okondoko pilotalekua.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azken hamarkadan egindako bidea jarri zuen balioan, eta euskararen aurkako oldarraldi judizial eta politikoaren aurrean "herritarrak aktibatzeko" beharra azpimarratu zuen. Halaber, erakundeen inplikazioa ere galdegin zuen euskalgintzako eragileak, "behar ekonomikoak" gainditu ahal izateko.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide