Okondoko Udalak 3,1 milioi euroko aurrekontuak izango ditu 2026an. Horrela onartu zuen atzo udalbatzak. EAJren bozek babestu zuten egitasmoa eta Okondo Aurrerak abstentzioaren bidea hartu zuen. EH Bilduk, aldiz, aurka bozkatu zuen.
Udal gobernu taldeak adierazi duenez, inbertsioen kapitulua aurrekontu osoaren %51 baino gehiago da, 1.612.238 eurokoa, guztira. Hortaz, 2026ko kontuen ardatz nagusia bilakatu nahi dute. Kopuru horretatik, 1,26 milioi euro inguru Udalaren apustu estrategirako izango da, udal kiroldegiko ordainsariak eta obrak egiteko, alegia.
Badaude bestelako ekimenak inbertsioen atalean: erretiratuen klubaren estalkia ordezkatzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriari lotutako lanak, espazio publikoetako hobekuntzak, udal-txokoko altzariak, suteak itzaltzeko elementuen lerroa, postontziak eta auzo-batzarretan sortutako proposamenei erantzuteko partidak.
Gastu arruntak
Gastu arrunten atalean langileen kapitulua murriztu egin dute aurreko ekitaldiarekin alderatuta, pertsona batean gutxitu delako.
Ondasun eta zerbitzuen kapituluak 31.665 euroko gehikuntza izan du, aisialdiari eta bizitza komunitarioari lotutako partidak indartuz, hala nola gaztelekua, Txakolin jaia, San Bartolome jaiak edo udal igerilekuetako mantentze-lanak. Era berean, partida berriak sortu dituzte udal-hilerria kudeatzeko programa bat erosteko eta gizarte-larrialdiko egoerei arreta emateko, Udalaren gizarte-estaldura zabalduz.
Halaber, diru gehiago bideratuko dute herritarren komunikazio eta partaidetza zerbitzurako, bai eta hirigintza arloa indartzeko ere, biak Aiaraldeko Kuadrillaren bitartez eskainiak, informazioa, gardentasuna eta herritarrentzako arreta hobetzeko.
EH Bilduren proposamenak baztertu ditu EAJk
EAJ nabarmendu du aurrekontuak zirriborratzeko orduan errealismo ekonomikoa izan dutela ardatz eta gogoratu du Okondoko tokiko erakundeak ez duela zorrik. Horrela, azaldu dute oposizioko proposamenak aztertu arren, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak ez dituztela sartu, "ikuspuntu administratibotik bideraezinak direlako eta/edo ez dutelako planteamendu tekniko nahikorik 2026an gauzatzeko".