Nahikari Nuñezek arrazismo eta klasismo portaera salatu du bere bikotearen kontra Bilboko taberna batean

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 30a

Nahikari Nuñez okondoarra, artxibo irudi batean.

Okondoarrak sare sozialak baliatu ditu agerian uzteko Sambou Diaby antzezlea Bilbao Berria tabernatik kaleratu zutela bere azal koloreagatik.

Nahikari Nuñez influencer okondoarrak Instagram plataforma erabili zuen atzo bideo bat plazaratzeko zeinean salatu duen Ledesma kalean kokatutako Bilbao Berri tabernatik bota zutela bere bikotea, Sambou Diaby antzezlea. Antza, zerbitzari batek esan zion ezin zuela han saldu eta kanpora joan behar zela.

Nuñezek aipatu zuen agian damutuko zela eduki hori argitaratzeaz, baina azpimarratu nahi izan zuen aurreiritzi arrazistak eta klasistak jasan zituela Sambou Diabyk. Alde batetik, bere azalaren koloreagatik ondorioztatu zuelako zerbitzariak zein zen Diabyren ogibidea eta, bestetik, ustezko lan horregatik ezin zuelako tabernan egon. "Zer gertatzen da, mantero batek ezin duela kafea hartu tabernan?", galdetu zion bere buruari okondoarrak. 

Eduki sortzaileak azaldu zuen erreklamazio orria betetzen saiatu zela, baina establezimenduak ez ziola eman. Edonola ere, erantsi zuen arduradunak barkamena eskatu ziola, eta argitu ziola akatsa izan zela. Okondoarraren ustez, arrazismoa eta klasismoa ezin dira horrela definitu: "Akatsa da ardo zuria jartzea ardo beltzaren ordez".

Sambou Diaby. / Copyright: actorsmartatort

Sambou Diabyk ere hitza hartu zuen bideoan eta aldarrikatu zuen lan handia egiten duela ikusarazteko arraza anitzeko euskaldunak bizi direla Euskal Herrian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide