JON ESCUZA DEL CAMPO

“Herriko kiroldegia 2026ko abenduan amaitzea espero dugu”

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 16a

Jon Escuza Del Campo alkatea, Udaletxean. / Aiaraldea.eus

Udal jarduera ugari izan badu ere, Okondon 2025. urtea oroimen kolektiboan geratuko da herritar gazteen galeragatik. Horri eta tokiko erakundearen lanari buruz mintzatu da JON ESCUZA DEL CAMPO alkatea.

Jon, zoritxarrez, oso berri txar batzuekin hasi behar dugu. Izan ere, 2025a okondoarren iruditeria kolektiboan markatuta geratuko da, herriko bi gazte galdu ditugulako. Zer ekarpen egin ahal izan duzue Udaletik halako egoera latz eta zail hauetan?

Bizitakoa benetan tamalgarria izan da, eta zaila da herriak gertatutakoa ahaztea. Udaletik, oso hurbilekoak izanik, kudeaketa ez da erraza izan. Hasieratik, familien, lagunen eta gertukoen ondoan egoten saiatu gara, bakoitzak behar izan duen moduan babesa eta laguntza eskainiz.

Azkenaldiko gertakariekin lotuta, suteak prebenitzeko sistema batzuk jarri dituzue herritarren eskura. Zer emaitza eman du ekimenak?       

Garrantzitsua da argitzea ez dela suteak prebenitzeko sistema bat, baizik eta sukaldean sua pizten denean (adibidez, zartagin bat sutan ahazten bada eta erretzen hasten bada) sua detektatu eta itzaltzen duen tresna bat dela. 

Gainera, sistema aktibatzen denean senide bati abisua bidaltzen dio. Uste dugu horrek etxeetan segurtasun handiagoa eta familientzat lasaitasuna ematen dituela. Etxe gero eta gehiagok instalatzen dituzte sistemak, eta espero dugu 2026an herritar gehiago animatzea.

Gaia aldatuz, nola joan da kiroldegiaren lizitazioa? Zein egoeratan dago?

Lizitazio-prozesua aurreikusitakoaren arabera garatu da, gorabehera nabarmenik gabe. Egungo egoerari dagokionez, lanak azaroaren lehen astean hasi ziren eta aurrera doaz; aurreikuspena da 2026ko abenduan amaitzea.

Kultur Etxean amiantoa kentzeko esku-hartze garrantzitsu bat egin duzue. Nola baloratzen duzue? Proiektu gehiago dituzue?

Udalak segurtasunarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoa sendoa da. 2019an kargua hartu genuenetik, Kultur Etxeko estalkian eta amiantoarekin lotutako elementuetan zeuden zuntz-zementuzko materialak kentzea lehentasun gisa identifikatu genuen.

Aurten udalerriko zuntz-zementuaren inbentarioa egin da, eta emaitzak onak izan dira sektore publikoan: udal biltegian zenbait tututxo identifikatu dira (20 metro lineal), igerilekuen eremuan beste bat, eta hilerriko ermita estaltzen duen teilatua (40 m²). 

Helburua da epe laburrean behar diren neurriak hartzea, Okondo espazio publikoetan amianto gabe geratu dadin.

“2026ko inbertsioei dagokienez, kiroldegiko lanak eta jubilatuen klubeko estalkia erabat ordezkatzeko proiektua jasoko ditugu”

Baserrien segregazioa erraztu duzue bertan pertsona gehiago bizi ahal izateko. Emaitzarik eman al du neurriak?

EAJ-PNVko Udal Taldeak aurkeztu eta osoko bilkurak aho batez onartu genuen proposamena, hain zuzen ere, ildo horretakoa zen: Okondon baserriak modu ordenatuan, seguruan eta berme guztiekin bereizi ahal izateko aldez aurretik egin beharreko lana abian jartzea.

Une honetan, beraz, ezin dugu oraindik emaitza praktikoez hitz egin; izan ere, mozioak planteatzen duena da aurretiazko urrats tekniko eta administratiboak hastea: oinarrizko babesa duten ondasun higiezinen katalogo bat egitea, bereizketa horiek arautzeko udal-ordenantza espezifiko bat idaztea Udal Hirigintza Araua aldatzen den bitartean, eta, gainera, Aldundiari eskatzea birgaitzeko eta etxebizitzarako dirulaguntzen lerroak mantentzeko eta zabaltzeko.

Hau da, arau-esparrua eta ondarea babesteko esparrua sortzeko fasean gaude, bereizketa izapidetzen denean ondo, segurtasun juridikoarekin eta baserriak arriskuan jartzea saihestuz egin ahal izateko.

Helburua argia da: udalerriko etxebizitza-premiari erantzutea (batez ere gazteei) eta landa-ondarearen narriadura geldiaraztea. Aurretiazko lan hori guztia onartuta dagoenean, lehenengo eskaerak eta benetako lehen emaitzak ikusten hasi ahal izango gara.

Udalak proposamen bat helarazi zion Aldundiari ikasle gehiagok Alavabus erabili ahal izateko. Nolakoa izan da egoeraren bilakaera?

Udalak eskaera bidali zion Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriko eta Azpiegitura Bideetako Sailari (Jon Nogales sozialista buru dela) 8:35eko autobusa 7:50era aurreratzea eskatzeko, herriko ikasleek ikastetxeetara garaiz iritsi ahal izateko.

Sail horrek erantzun zuen, oraingoz, aldaketa hori ez dela bideragarria, lineak beste ibilbide batzuekin konektatzen duelako eta ordutegi aldaketa batek beste zerbitzu batzuetan eragin zuzena izango lukeelako. Irtenbide gisa, ordutegi horretan autobus berri bat gehitzea proposatu zen, baina egungo kontratuak ez du aukera hori jasotzen. Hala ere, etorkizuneko lizitazioetan eskaera kontuan hartuko dutela eta aukera aztertuko dutela jakinarazi dute.

Okondoko emakumeei buruzko liburua ere aurkeztu duzue. 

Azaroaren 22an aurkeztu zen Kultur Etxean, eta arratsalde oso berezia izan zen. Liburuak Okondoko emakumeen ahozko testigantzak jasotzen ditu, komunitateak utzitako irudi zahar ugarirekin batera. Herriko hirurogehi emakumerekin izandako elkarrizketetatik sortu da lana, eta haiek bizi izan duten historia zein aurreko belaunaldietatik jasotakoa kontatzen du.

Udaletik oso positiboki baloratzen dugu egitasmoa, eta Ametsuts elkarteari eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik.

Elkarrizketa amaitzeko, 2026rako zer proiektatzen duzue aurrekontuei begira?

Gaur egun aurrekontuen gaineko lana egiten ari gara. Inbertsioei dagokienez, jasoko dira polikiroldegiko lanak eta jubilatuen klubeko estalkia erabat ordezkatzeko proiektua, biak ere Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekako Sailaren diru-laguntza garrantzitsuekin. 

Halaber, plan orokor berria abiaraztea eta hobekuntza-funtsa sartuko dira, beste hainbat proiekturen artean. Urtean zehar, ziurrenik bestelako gaiak sortuko dira, eta horiei ere erantzun beharko zaie.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide