Okondoko jaietan "euskara bazterrean" geratu dela ohartarazi du Kontseiluak, musika eskaintzaren %70a eta umeentzako ikuskizun guztiak erdara hutsezkoak izan direla nabarmenduta

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 19a

Okondoko jaietan azken lau urteetan egondako jarduerak aztertu ditu Kontseiluak. / Aiaraldea.eus

Azken lau urteetan San Roman eta San Bartolome jaietan euskarak izan duen presentzia aztertu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren txostenak

Egoera kezkagarria bizi du euskarak Okondoko jaien barruan. Hala ondorioztatu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak plazaratu berri duen txostenak. Udalerriko bi jai nagusietako (San Roman eta San Bartolome) azken lau urteetako programazioak aztertu dituzte bertan, eta euskara erabat baztertzen dutela adierazi dute. 

Hainbat datu jarri dituzte Kontseiluko kideek mahai gainean baieztapen hori egiteko. Musika emanaldiei dagokionez, salatu dute %70a erdara hutsez izan dela 2022tik hona, eta nabarmendu dute 2022an "10 musika emanalditik bat bera ere ez zela euskaraz izan".

Haurren programazioan, "marra gorriak" gaindituta

Haurren eskaintzari dagokionez, "marra gorriak" gainditu direla azaldu dute. Izan ere, 2022an eta 2023an umeei zuzenduta egon ziren ikuskizunak gaztelaniaz izan ziren. Hurrengo bi urteetan, aldiz, ez zen publiko horri zuzendutako ikuskizunik programatu. 

Helduei bideratutako ikuskizunei dagokionez, txostenak aipatzen du euskara hutsezko ikuskizun bakarra programatu dela lau urtetan, eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako jarduera izan zela. "Gainerakoan, egoerarik onenean karaokean abestiren bat entzun daiteke euskaraz, gainerako guztia erdara hutsean baitoa", gaineratu dute Kontseilutik. 

Kontseilutik gogorarazi dute Okondoko euskalduntze indizea %49,87an kokatzen dela, eta horrek "are batzertzaileagoa" bilakatzen duela egoera.

Euskararen normalizaziorako agenteek gogorarazi dute Okondoko euskalduntze indizea %49,87an kokatzen dela, eta horrek "are batzertzaileagoa" bilakatzen duela egoera, euskarak duen hiztun kopurutik nabarmen beherago dagoelako jaietan euskaraz programatzen den ekitaldi kopurua, are gehiago haur eta gazteen kasuan.

Horri lotuta, Kontseiluak aldarrikatu du umeentzako programazio guztia izan beharko litzatekeela euskaraz.

Euskara sustatzeko dinamikarik ez Okondoko jaietan

Bestalde, Euskalgintza Kontseiluak gogorarazi du Okondoko Udalak uko egin ziola Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! egitasmoan parte hartzeari eta, ondorioz, ez dituela baliatzen jaietan euskara sustatzeko proposatutako tresna eta dinamikak: euskararen semaforoa, ostalarientzako gutun eta kanpainak, kartelak, pegatinak, txosnetarako hizkuntza irizpideak...

Gainera, nabarmendu dutenez, tokiko erakundeak ez du ezta bestelako dinamikarik gauzatzen jaietan euskara sustatzeko. 

Eskualdeko udal gehienek (Laudio, Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Aiara eta Artziniegak) parte hartzen dute Euskalgintza Kontseiluaren jaietako ekimenean.

Gauzak hala, hortara batzeko deia luzatu diote Okondoko tokiko erakundeari ere, eta Praktika onen gida ere baliatzea planteatu diote berriz ere, neurriak hartzea "atzeraezina" dela argudiatuta: "Euskararen biziberritzean une gako batean gaude, horrek neurri ausartak hartzea eskatzen du eta Okondoko Udalak ezin dio honi bizkarra eman, ezta sozializaziorako testuinguru ezin hobea eskaintzen duten herriko jaietan ere". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide