Eguraldia lagun, jendez bete da Okondoko plaza larunbat goizean, Txakolin Jaia ospatzeko. Eskualdean ekoizten den edari hori izan da festaren protagonistetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, tokiko bestelako produktuen postuak ere egon dira, edariaz gain jatekoa ere eskaintzeko.
Produktu horien guztien garrantzia nabarmendu du Gurutze Beitiak. Aktore eta umoregile bizkaitarra arduratu da eguerdiko brindisa dinamizatzeaz. Pozik azaldu da herrian jaso duen harrerarekin. "Nire aktore lankideek behin baino gehiagotan esan izan didate etorri behar nuela", nabarmendu du, eta ez da laudorio hutsala izan: Gorka Aginagalde eta Maribel Salas aktoreak ere animatu dira goiza Okondon igarotzera. Aginagalde iaz izan zen jaiko gonbidatua, eta Salas 2022an.