Okondoko Udalak 535.423,98 euroko erosketa abiatzear dago, Rotaetxe Jauregiarena, alegia. Jon Escuza alkateak azaldu duenez, Udalaren erabilerarako espazioa izango da eta, printzipioz, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua jarriko dute han (edo zati bat, gutxienez) eta udal fitxategia ere hara mugituko dute.
Udalburuak argitu du proiektua ez dagoela guztiz definituta, finantziazioa lortzeko urratsak egin dituztelako soilik momentuz. Horri esker 267.711,99 euroko dirulaguntza jaso dute Arabako Foru Aldundiko Obra eta Zerbitzuko Planaren deialdian.
"Aurreratu dezakeguna da HAZ puntu bat egongo dela herritarrek hara jotzeko behar badute eta udal fitxategia ere bidaliko dugula. Udal agiri guztiak ez dira joango jauregira, jakina, batzuk hemen behar direlako, baina udaletxea txiki geratzen ari da eta espazio librea behar dugu", aipatu du Escuzak.
Erabilera gehiago
Proiektua faseka egingo dela aintzat hartuta, Udalak aipatu du litekeena dela eraikinak erabilera publikoa hartzea etorkizunean, "agertzen diren beharren arabera".
Oraindik salmentan duen enpresak zehaztu du 884 m²-ko azalera duela higiezinak eta 8.361 m²-ko lursaila. Guztira, hiru solairu ditu eta XIX. mendean eraiki zuten.
Kokapenaren aldetik, herrigunetik gertuago dago, plaza eta frontoiaren artean eta herritar batzuentzat erosoagoa litzateke HAZ han egotea udaletxean baino.