Okondoko jaietan euskararen presentzia areagotzeko konpromisoak hartu ditu Udalak, herritar talde batekin bildu ostean

Maider Ramirez Martin 2026ko uztailaren 13a

Iaz Okondon ospatu zuten Aiaraldeko Euskararen Eguna. / Aiaraldea.eus

Eneritz Alonso alkateordearekin bildu da euskaltzale talde bat eta jaietan euskararen presentzia nabarmentzeko neurriak adostu dituzte. Ikasturtean zehar Berbalagun eta Gurasolagun ekimenak indartzea ere eskatu dute.

Azken lau urteetan Okondoko San Roman eta San Bartolome festetan euskarak izan duen presentzia aztertu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak (AIEKE), eta txosten batean bildu du ondorioztatutakoa. Egoera kezkagarria da euskararen aldeko eragilearentzat, "euskara bazterrean" baitago. 

Amurrioko Udala eta Arakaldokoaren antzera, Okondoko tokiko erakundeak ez du parte hartzen AIEKEk bultzatutako Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak!  ekimenean, eta hortaz, herritarrek egin dituzte hainbat ekintza, hala nola kanpainako kartel eta pegatinak herrian banatzea edo eta tabernetan euskara bultzatzeko dinamika aurrera eramatea.

Bide horretan, eta Udalari neurriak eskatzeko helburuz, euskaltzale talde bat Eneritz Alonso alkateordearekin bildu da, eta konpromisoak adostu dituzte, zehazki, hauek:

  • Udalak txosnaren esleipenean euskararekin lotutako zenbait irizpide agertuko ditu: paisaia linguistikoa euskaraz ere izatea, euskal musikaren presentzia ziurtatzea…
  • Jaietako egitarauan izango diren ekintzetan esatari euskaldunak ziurtatzeko ahalegina egingo da bai udalaren aldetik eta baita euskaltzaleon aldetik.
  • Umeen egitaraua osorik euskaraz izango da.
  • Helduen egitarauaren zati bat euskaraz izateko ahalegina egingo da, adibidez, euskal musikako talde bat.
  • Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskal musika zerrenda bat eskainiko du, bai txosnan eta baita jaietan ere oro har erabiltzeko.
  • Tabernetan kanpaina bat egingo da, alde batetik itzulpen zerbitzua eskaintzen karta eta bestelako baliabideak euskaraz izateko eta bestetik, euskarazko musika eskuragarri jartzeko. Udalak aurretik tabernak informatuko ditu eta kanpaina gauzatzen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua arituko da.

Berbalagun eta Gurasolagun

Euskaltzale taldeak eta Okondoko Udalak hartutako konpromisoak ez dira bakarrik jaietara mugatzen. Izan ere, ikasturtean Berbalagun eta Gurasolagun taldeak indartzeko beharra mahairatu zuten herritarrek eta haurrentzat programatzen den guztia euskara hutsez izatea ere eskatu zuten. 

Horrez gain, herriko saltokietan euskara bultzatzeko neurri batzuk ere aztertuko dituzte etorkizunean.

Positiboki baloratu du AIEKEk elkarlanerako bidea, baina Udalari, "euskararen normalizazio eta biziberritzean pauso gehiago ematea" eskatu dio.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide