"Madrilgo baso-suhiltzaileek oso gutxi kobratzen dute eta lan oso fisikoa egiten dute"

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 30a

Aimar Garcia Navarro Madrilen baso-suhiltzaile uniformearekin.

AIMAR GARCIA NAVARRO (Okondo) Madrilgo baso-suhiltzaile lanetan aritu zen iaz eta sute ugari itzali zituen. Iazko esperientzia ez ezik, berriki gertatu dena ikusita pentsatu duena ere partekatu du.

Iaz baso-suhiltzaile moduan aritu zinen Madrilen. Nola heldu zinen hara?

Larrialdiei buruzko gradua ikasten ari naiz eta irakasleek aipatu zidaten interesgarria zela lan horretan izena ematea. Azterketa teorikoa egin nuen, test eredua, eta proba praktikoa, motozerra eta sasiak garbitzeko makina batekin.

Bi horiek gaindituta azterketa fisikoa egin nuen. 20 kiloko motxila batekin hainbat kilometro ibili beharra dago. Horren ostean bi asteko trebakuntza egin nuen eta lanean hasi nintzen.

Zer nolako esperientzia izan zenuen? Zer sute mota egokitu zitzaizkizun?

Esperientzia mugitua izan zen, iazkoa sute gehien gertatu zen urtea izan baitzen Madrilen. Edonola ere, badirudi aurten marka hori ere gaindituko dela. 

"Nire lagunak gogoratu ditut, lanean jarraitzen dutelako, eta baita oso baldintza txarrak dituztela baso-suhiltzaileek"

Gogoratzen dut lehenengo egunean hiru sute egon zirela. Asko ikasi nuen eta, oro har, sute txikiak ziren, hektarea bat, bi edo bost, baina noizbait sute handiak zeuden, 500 hektareakoak, esaterako.

Nola da benetan baso suhiltzailea izatea? Zer egin zenuen nagusiki zure egunerokoan eta zer suteetan?

Egunerokoan basean egon behar duzu. Bi egun lan egiten genituen eta beste bi atseden. Hamabi orduko lanaldiak dira. 

Goizean praktikak egiten genituen trebakuntzan ikasitakoa birpasatzeko, bazkaltzen genuen eta arratsaldez zaintza ibilaldiak egiten genituen.

Hori zen gure egunerokoa, baina etengabe eteten zen, suteak zeudelako. Suteetan zazpi kideok osatzen genuen taldea eta ardura banaketa genuen.

"Batzuetan ezinezkoa da egoera arriskutsuetan ez egotea"

Bazegoen buruzagia, bi gidari eta adituak. Adituak ginenok mangerekin aritzen ginen. Gidariek ematen ziguten ura eta buruzagiak dena koordinatzen zuen. 

Nola orekatzen da suhiltzaileen segurtasuna eta sutea itzali beharra?

Kontserbadoreak izan ohi gara eta ez ditugu arriskuak hartzen, segurtasuna delako garrantzitsuena. Hala ere, une batzuetan ezinezkoa da egoera arriskutsuetan ez egotea.

Zein da arrisku handiena?

Asko daude eta aldi berean: beroa, kea, helikopteroak ura botatzen duenean adi egon behar zara mingarria delako ura gainean erotzen bazaizu, linea elektrikoak, zuhaitzen erorketak... Nik nire inguruan zuhaitz ugari erortzen ikusi nituen. Adi egon beharra dago.

Zenbat egun egiten zenuten lan jarraian?

Esan bezala, ohikoan bi egun jarraian hamabi orduko lanaldiekin, baina hilean bi astez "eskuragarri" egon beharra dago eta sute handiak egonez gero, lan egiten duzu.

Zer etorri zaizu burura Madrilgo egoera ikustean?

Nire lagunak gogoratu ditut, lanean jarraitzen dutelako, eta baita oso baldintza txarrak dituztela baso-suhiltzaileek. Oso gutxi kobratzen dute ete oso lan fisikoa egiten dute. Nik ez dut inoiz hain nekatuta bukatu. 

Egun korapilatsu hauetan suhiltzaileak, edo behintzat batzuk, oso kritikoak izan dira Madrilgo Gobernuaren kudeaketarekin. Han egon zinenean zerbait sumatu zenuen?

Neguan ez dute prebentzio lana egiten. Madrilen lan egin nuenen denak kexu ziren udan erre daitekeen elementu asko geratzen direlako eta oso modu jarraituan. Ondorioz, hain hurbil daudenez, udan sutea hasten denean, ezin da kontrolatu. 

Guztion ustez, konponbidea da neguan prebentzio lana egitea, baina Madrilgo Gobernuak kontrakoa egiten du, oso txarto kudeatzen dute eta lan baldintzak txarrak dira. Gobernua saiatzen da udan hobetzen kudeaketa, baina hori ez da irtenbidea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide