Laia Eskola egitasmoak hamar urte bete ditu eta 156 ekintzekin ekingo dio ikasturteari. Horietako asko Aiaraldean izango dira eta, nahiz eta Arabako Foru Aldundiaren egitasmoa izan, Urduñak eta Orozkok ere parte hartzen dute, gaur agerian geratu den moduan.
Izan ere, hainbat ordezkari publiko batu dira gaur emakumeen ahalduntzea eta feminismoa sustatzen dituen proiektu hori aurkezteko: Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua, Joana del Hoyo Berdintasun zuzendaria, hainbat herrietako alkateak (Orozko, Okondo, Laudio, Artziniega eta Amurriokoak), Aiara zein Urduñako zinegotziak eta Aiarako Kuadrillako presidentea. Okondoko udaletxean izan da agerraldia.
Berez, aurki banatuko dituzte horren berri ematen dituzten liburuxkak eta erakunde anitz horien ordezkariek berdintasunaren, feminismoaren, ahalduntzearen eta emakumeen saretzearen aldeko mezua indartu nahi izan dute.
Eneritz Alonso zinegotziak bideratu du agerraldia eta politikari bakoitzak hitza hartu du bere arduretatik. Iñaki Gurtubaik balioan jarri du hamar urte bete dituela Laia Eskolak eta ahalduntze eskola izatetik lurralde osoa saretzera igaro dela. Gaur 153 hitzordu aurkeztu dituzte, baina ohartarazi du iaz 458 izan zirela azkenean.
Gero, Aiaraldeko Kuadrillako presidente Iñigo Pinedok, Aitor Iza Orozkoko alkateak, Txerra Molinuevo Amurrioko udalburuak, Karmele Poblacion Aiarako zinegotziak, Nagore Gomara Laudioko zinegotziak, Onintze Elvira zinegotzi artziniegarrak eta Uxue Mendibil zinegotzi urduñarrak euren udalerrietan egingo diren egitasmoen berri eman dute.
Orotariko jarduerak barne hartuko ditu Laia Eskolaren edizio berriak eskualdean: zinema feminista, literatura klubak, emakume abesbatzak sortzeko deialdiak, bakarrizketak, tailerrak... Ekintza guztiak hemen ikus daitezke.