Baserri bakarra hainbat etxebizitzetan banatzeko aukera egongo da Okondon hemendik aurrera. Azken Udal Osoko Bilkuran onartu da hori arautuko duen ordenantza, EH Bilduk azaldu duenez. Oposizioko taldeko kideek gogorarazi dute 2025ean onartu zela eurek aurkeztutako mozioa, eta horren bidez osatu dela Udal Hirigintza Araudia aldatzeko ordenantza.
Gauzak hala, talde subiranistako kideek ontzat jo dute plenoan onartutakoa. Euren ustez, "lehenbailehen" egin behar zen arau-aldaketa, Okondoko ondarea babestu eta bizilagunen etxebizitza-premia asetzeko. "Okondoko baserriak, gure ondarea, hondatzen eta behera etortzen ari direla ikusten ari ginen, eta ezin genuen hori onartu, areago bizitzen ari garen etxebizitza premia larria ikusita", azaldu du Joseba Ruiz EH Bilduren Okondoko bozeramaileak.
Dena den, talde politikoak iragarri du zuzenketak planteatuko dituela ordenantzarekiko, baserri batzuk ez direlako bertan sartu, "nahiz eta araudia aplikatzeko modukoak izan".
Kale argiteriaren berriketa
Kale argiteria berritzeko lanak egingo direla ere iragarri du EH Bilduk, hori ere bere proposamena izan zela nabarmenduta. "Herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa" bermatu nahi dituzte horrela, orain arteko argiteria "eskasa" delako, "errepide nagusiko kale-argiez harago".