Lanuzteak egingo dituztela iragarri dute Orozkoko Adam Food Artiach enpresako langileek. Bihar (asteartea) eta ostegunean egingo dituzte paroak. Hiru geldialdi egingo dituzte egun bakoitzean: 1:00etatik 2:00etara, 10:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 19:00etara, bana lan txanda bakoitzeko.
Lesionatutako langileak, lanean
Azken asteetan lesionatutako langileekiko enpresak erakutsitako jarrera salatzea; hori izango da lanuzteen helburua. Enpresa Komiteko kidea den Andres Larrinagak adierazi du hiru izan direla azken asteetan lantegian lesionatu diren langileak. “Baina Mutuara joan zirenean ez zieten bajarik eman. Enpresak beste postu batzuetan birkokatu ditu, lanean jarraitu dezaten”. (Beheko irudietan ikusi daitezke lesioen nolakotasuna).
LAB sindikatuko ordezkariak azaldu du birkokatze horiekin enpresak ez duela errentagarritasunik bilatu, beste langile batzuk jarri behar izan dituelako lesionatutako langileen postuetan. “Bere agintea ezartzea” da zuzendaritzak jarrera horrekin bilatzen duena, Larrinagaren ustetan. Ez da kasu isolatu bat: “Badakigu beste enpresa batzuetan ere hasi direla halakoak egiten”, adierazi du langileen ordezkariak.
Salaketa jarri du komiteak
Lanuzteak iragartzeaz gain, lan-ikuskaritzan salaketa jarri dute Enpresa Komiteko kideek, eta ikuskariaren erantzunaren zain daude. Zentsu horretan, “ildo legala eta sindikala uztartzen” jarraituko dutela adierazi du Larrinagak.
Ia 200 langile daude Adam Food Artiachen Orozkoko lantegian, eta hamar kidek osatzen dute komitea. ESK eta CCOO sindikatuek ordezkari bana dute, ELA eta LABek bina eta hiru ordezkari eta delegatu sindikal bat, berriz, UGTk.
Lesionatuak egon arren lanean jarraitzen duten langileen irudiak: