“Osagai guztien arteko oreka bilatzean datza garrafa on baten sekretua”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko ira. 1a, 08:07

ELIXABET SAIZ ROJOk (Orozko, 1991) sei urte daramatza Garrafa Lehiaketan parte hartzen. Lehiaketaren nondik norakoen inguruan mintzatu da. Bihar egingo dute garrafa lehiaketa 11:00etatik aurrera.

Noiztik daramazu Garrafa Lehiaketan parte hartzen?

ELIXABET SAIZ ROJOk (Orozko, 1991) sei urte daramatza Garrafa Lehiaketan parte hartzen. Lehiaketaren nondik norakoen inguruan mintzatu da. Bihar egingo dute garrafa lehiaketa 11:00etatik aurrera.

Noiztik daramazu Garrafa Lehiaketan parte hartzen?

Duela sei urte hasi nintzen parte hartzen, gutxi gora behera. Nire aita Garrafa Elkartean zegoen, eta berarekin hasi nintzen. Asko gustatzen zait lehiaketan parte hartzea, giroa oso ona delako. Norbaiti zer edo zer ahazten bazaio gainontzeko parte hartzaileek uzten diote. Lehiakortasuna dago, baina sanoa.

Orduan hasi zinen garrafa egiten edo lehenagotik datorkizun zaletasuna da?

Behin lehiaketara gerturatu nintzen, ikustera. Asko gustatu zitzaidan garrafa egitearen kontua. Duela sei urte nire aitak Niko Astobitzari galdetu zion ea nola lortu zezakeen garrafa bat.

 

"Estatu Batuetatik ekarri genuen gure garrafa. Badaude baita Euskadin eginikoak, baina guk etxean ditugunak kanpotik ekarritakoak dira"

 

Eta sei urte hauetan saririk lortu al duzue lehiaketan?

Oraindik ez (barreak). Baina nire esperantza da aurten sariren bat edo eramatea. Urtero goaz lehiaketara pentsatzen sariren bat jasoko dugula, baina momentuz ez da inoiz gertatu.

Maila altua dago lehiaketan?

Bai. 50-60 garrafa inguru aurkezten dira, eta maila oso altua izaten da.

Sekreturik al dago garrafa on bat egiteko?

Epaileek ebazten dute garrafa onena zein den. Baina nire ustez osatuena dagoena da garrafa onena. Hau da, txakolin edo brandy gehiegi ez duena. Osagai guztien arteko oreka bilatzean datza garrafa on bat egiteko sekretua. Hala ere, bakoitzak bere gustuen arabera egiten du, guk orekatua egiten dugu.

Entrenatuta zoazte lehiaketara?

Ez, gu bertara joaten gara eta bertan egiten dugu garrafa, aurretik probarik egin gabe.

Eta jende guztiak egiten du horrela?

 

"Nabaritzen da batzuk esperientzia handia dutela, garrafekin urte asko daramatzatelako. Baina gehienek ez dute aurretiazko entrenamendurik egiten"

 

Batzuek agian familiarekin bazkariren bat baldin badute animatzen dira garrafa egitera, baina gu lehiaketarako erreserbatzen gara.

Lehiaketa egunean baino ez duzue garrafa egiten?

Ez, familia bazkariren batean animatu izan gara baita egitera. Ez gara txapelketara mugatzen. Okasio berezietan ere prestatzen dugu.

Zure adineko jendea animatu egiten da garrafa egitera?

 

"Gure adineko jendea ere animatzen da Garrafa Lehiaketan parte hartzera, ez soilik jende nagusia"

 

Ikusten da jende gaztea. Lehiaketan ikusten dira gurasoak 9-10 urteko seme-alabekin. Belaunaldiz belaunaldi mantentzen doa tradizioa.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide