"Orozkoko jaiak gure Berakatz Eguneko bazkaria bezalakoak izan behar dira: parte hartzekoak eta bizikidetzari lotutakoak"

Erredakzioa 2016ko abu. 31a, 08:10

MAIKA GARBIRAS (Orozko, 1952) ia 20 urtez ibili da Berakatz Eguneko bazkaria antolatzen, garaiko gazteek osatzen zuten kuadrila handia gidatzen. Aurten pregoilari izendatu dute berak Orozkoko jaien alde egindako lan hori aitortzeko asmoz.

Pregoilaria izango zara. Nola sentitzen zara?

MAIKA GARBIRAS (Orozko, 1952) ia 20 urtez ibili da Berakatz Eguneko bazkaria antolatzen, garaiko gazteek osatzen zuten kuadrila handia gidatzen. Aurten pregoilari izendatu dute berak Orozkoko jaien alde egindako lan hori aitortzeko asmoz.

Pregoilaria izango zara. Nola sentitzen zara?

Urduri nago baina ilusio handia daukat. Hasieran ezetz esan nuen baina azkenean konbentzitu ninduten eta horra goaz!

Jaiak bizitzeko modu desberdin bat ere izango da.

Bai, hala da. Balkoira ateratzea baino askoz gehiago da, ekintzetara joango naiz eta jaiak berriro ere barrutik bizitzeko aukera izango dut . Pozik nago.

Zu eta zuen kuadrila kideek antolatzen zenuten bazkariarekin Berakatz Eguna jaietako egun handi bihurtu zenuten.

Bai, hala da. Lehen kalejira bat egoten zen egun horretan eta lagun taldeek bazkariak egiten zituzten, baina bakoitzak bere aldetik eta guk beste eredu bat planteatu genuen.

"Bazkari handi bat eta mundu guztiarentzat egitea erabaki genuen eta 1979an egin genuen lehenengoz."

Nola prestatzen zenuten bazkaria?

Nik egiten nuen bazkaria eta beste kideek laguntzen ninduten bestelako lanekin. Menua finkoa zen: berakatz zopa, gisatua eta postrea. Batzuetan fruta izan zen eta beste batzuetan euskal pastela. Azkenean hostopilak jartzea erabaki genuen. Aurreko egunean hasten ginen beti eta prestaketak berak ere giro ederra sortzen zuen, ospakizunaren parte zen.

Arrakastatsua izan ohi zen, ezta?

Urtero-urtero 250 pertsona inguru etortzen ziren frontoira bazkaltzera. Laudioko kuadrilak ere etortzen ziren!

Garai horretan jaiek beraiek ere aldaketak izan zituzten.

Frankismoaren amaierarekin batera herri guztietan aldaketak egon ziren eta baita Orokon ere.

"Jaiek kolore handiagoa hartu zuten eta ekintzak irekiagoak bilakatu ziren."

Hala ere zuen bazkaria ez zegoen egitarau ofizialaren barruan. Zergatik?

Herri ekintza izatea nahi genuen: herritarrek egina herritarrentzat. Udalari mahaiak eta aulkiak eskatzen genizkion baina ez beste ezer. Hala ere, urtez urte egitarauan sartzeko eskakizuna jasotzen genuen Udaletik eta azkenean sartu zen baina xarma galdu zuen. Guk 90. hamarkadaren amaieran utzi genion bazkaria antolatzeari.

Antolatuko duzue berriro antzeko zerbait?

Ba egia esan, gustatuko litzaidake, behin egitea, ez jarraian. Nik uste jendea prest egongo litzatekeela laguntzeko. Polita izan daiteke.

Zein izango da pregoiarekin zabaldu nahi duzun mezua?

Gustatuko litzaidake jaiak Berakatz Eguneko gure bazkariaren filosofia izatea: partehartzaileak eta bizikidetasunari lotutakoak izatea.

"Gozatzeko jaiak izan behar dira, baina errespetu osoz disfrutatuak."

Nori gustatuko litzaizuke lekukoa pasatzea?

Herriaren alde gauza asko egin dituzten pertsona asko daude eta denek merezi dute aitortza. Baina oso interesgarri ikusten dut Primi Olabarria pregoilari izendatzea, adibidez. 100 urte beteko ditu jaietan eta emakume langilearen eredua da, gaztetatik artzain ibili dena Gorbeialdean. Oso polita izan daiteke. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide