Datorren uztailaren 17an (igandea) ospatuko dira Orozkoko Santa Marinako jaiak, izen bereko baselizaren inguruetan, Matxintxu emakume elkartearen eskutik. Ohiko egitaraua mantendu dute antolatzaileek: 12:30etan meza egongo da, eta ondoren txorizo eta urdai dastaketa egingo da. Bazkaria egongo da gero, 13:30etan. Menua aurreko urteetako berdina izango da: paella, pastela eta ogia.
Bazkalostean, berriz, mus, briska eta tute txapelketak egongo dira. Matxintxuko kideek gaineratu dute txosna zerbitzua egongo dela, eta trikitixaren doinuek girotuko dutela festa.
Baina festaren ekintzarik deigarriena Orozkoko Ipar Air Klubaren eskutik etorriko da, parapente ikuskizuna eskainiko baitu.