I. Film Laburren Lehiaketa antolatuko dute Orozkon. Nahiz eta gaia librea izan, bertan parte hartzen dutenek bermatu behar dute Orozkoko herria edo bertako elementuen presentzia izatea eta lanek euskaraz izan beharko dute.
Aurkezten diren lanak originalak eta aurretik aurkeztu gabeak izango dira, alegia, ez da onartuko beste lehiaketaren batean parte hartu duen lanik. Modu berean, lehiaketan parte hartzean egileak bidalitako lanaren eta haren edukiaren arduraduna dela aitortu behar du.
Supelaur elkarteak antolatuko du
Parte-hartzaileak arduratuko dira bideoen ekoizpen prozesu osoan beharrezkoa izango duten materialaz. Onartutako bideoen egileek Supelaur Kultur elkarteari utziko dizkiete euren irudien komunikazio eta zabalpen eskubideak.
Ekoitzitako lan guztiak Creative Commons lizentziapean zabalduko dira. Horren arabera, egileek baimena ematen dute euren lana edozeinek ikusi, erakutsi edota berrerabiltzeko, beti ere egiletza aitortuta eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatuta.
Bideoak Wetransfer zerbitzuaren bidez bidaliko dira supelaurkt@gmail.com helbidera. Bideoek .avi edo .mov euskarrietan egon beharko dute.
Bideoaz gain, formulario txikia erantsiko da taldearen izena, taldekideen izen-abizenak, herria, harremanetan jartzeko modua, bideoaren izenburua eta deskribapen laburra zehazteko.
Donibane Aretoan emango dituzte filmak
Aurkeztutako lanek gutxienez minutu 1 eta gehienez 7 minutukoak (kredituak barne) izan beharko dute. Lanak jasotzeko epea irailaren 30ean amaituko da eta bideoen proiekzioa eta sari banaketa urriaren 7an izango dira Orozkoko Donibane Aretoan. Epaimahaia Supelaur Kultur Elkarteko kideez osatuta egongo da.
Lanak bakarka zein taldeka aurkeztu daitezke, gehienez 10 kidekoak izanik. Ez da adin mugarik egongo baina bideoan 16 urtetik beherako neska-mutilik agertuz gero, guraso edo tutoreen baimena ezinbestekoa izango da. Pertsona edo talde bakoitzak nahi beste lan bidali ditzake.
Lau sari egongo dira parte hartzaileen artean banatzeko. Lehenengo saria 300 eurokoa izango da, bigarren saria 150 eurokoa, hirugarren saria 100 eurokoa eta publikoaren saria ere emango dute.