AGURTZANE INTXAURRAk (Orozko) Jalgin parte hartuko du. Izan ere, "Koadernoa Zuri” Hika Teatroren azken antzezlana oraindik ere sortze prozesuan dagoela ikusgai izango dugu Jalgiren egitarauaren barruan. Agurtzane Intxaurraga Hika antzerki taldearen zuzendariaren ustez, antzezlana bukatu gabe eta biluzik erakusteak emakumeen istorio unibertsal horretan sakontzeko eta haren inguruan hausnartzeko aukera eskaintzen du.
Nola sortu da Koadernoa Zuri antzezlana? Eta zein da bere esanahia, koadernoa hutsetik sortu behar dela?
Hitz-jolasa da. Alde batetik, zuri, amari, protagonistetako batek idazten dion koadernoa daukagu, eta, bestetik, urtetan zuri egon den koaderno bat da, esan ezin izan diren hitzez betetzeko prest. Eta hori da, hain zuzen ere, Hernanin egiten ari garen egonaldietan transmisio modura proposatu nahi izan duguna. Ikusleei koaderno zuri bat eskaini eta hura betetzeko gonbita egin diegu. Denok daukagu barruan bizi izan dugun zerbait, gurekin daramaguna, hitzen bidez adierazteko gai izan ez garena.
“Koadernoa Zuri” euskal Bernarda Alba izan zitekeen gaur egunera ekarria. Baina, zein da istorioa?
Hiru emakumeren istorioa kontatzen dugu. Bi alaba dira protagonista nagusiak. Ohe ondoko mahaitxoan betidanik izan dudan Garcia Lorcaren Bernarda Alba antzezlana da abiapuntua, baina Euskal Herrira eta gaur egunera ekarria. Euskal Herrian ere egon badaudelako Bernarda asko. Emakume zikiratzaileak, zorrotzak, fededun itsuak eta, alaben ama direnez, alaba horiek bide zuzenetik eramateko lana hartu dutenak.
Arantxa Iturbek eta biok idatzi dugu gidoia. Arantxak berak proposatu zidan gure istorio propioa eraikitzea, Bernarda horiek abiapuntutzat hartuta. Alabengan zein arrasto utzi duten kontatu nahi genuen. Zein askatasun daukan norberak bere bidea eraikitzeko eta guk, gurasook, zein eskubide dugun gure seme alaben bidea eraikitzeko.
Antzezlanean agertzen diren bi alabek bakoitzak bere bidea aukeratuko du. Amak, beraien arteko zubia izan beharrean, amildegi bat sortuko du, eta kartzela horri aurre egiteko modu desberdinak aukeratuko dituzte alaba biek. Batek erabakiko du giro horretan ito egiten dela, eta borrokaren bidea aukeratuko du. Besteak, aldiz, obedientziaren bidea hartuko du. Obedientziarena eta itxurena, azken finean, ama horien azken helburua etxeko zikinak ezkutatzea delako. Etxeko zikinak etxean garbitzea eta itxura gordetzea oso garrantzitsua da Bernarda horientzat. Alaba bien artean amildegia sortuko da, eta, hogei urteren buruan, elkar topatuko dute amaren etxean, ama hil ostean. Eta gauza asko gertatuko dira hor.
Istorioak ez du gaurkotasunik galdu, beraz?
Emakume horiek amaren zama guztia sentituko dute. Ama hilda badago ere, bizirik dagoela emango du, eta hori oso istorio garaikidea dela iruditzen zait, Euskal Herriko familietan matriarkatua ezagutu dugulako eta oso presente izan dugulako beti.
Emakume hauek ezingo dute burutik kendu amak esandakoak, nahiz eta horren kontra egiten saiatuko diren. Eta, horregatik, batek ihes egitea erabakiko du, amarekin izandako gertakari baten ostean. Afrikara joango da, eta, hainbat urteren ondoren, koaderno zuria idazten hasiko da. Hori izango da berak askatasuna zer den sentitzeko egin behar izan duen ibilbidea, umetatik bizi izan dutelako etxean giro ilun eta itxia. Horrek, era berean, bakardadeaz eta absentziaz hitz egiteko aukera emango digu, izan ere, amaren etxean geratu den ahizpak absentzia hori aurpegiratuko dio besteari. Beraz, Bernardaren istorioa abiapuntutzat hartuta, istorioa harago joango da. Zirraraz jositako ikuskizuna dela iruditzen zait, eta aktore hain handiekin lan egitea berme bat da, gainera.
JALGIn antzezlana bukatu gabe, sortze prozesuan dagoela ikusteko aukera izango dugu, baina zer da zehazki erakutsiko duzuena?
Orain, Hernanin gaude egonaldi artistikoa egiten, eta sortze prozesua jendeari ireki diogu. Amurrion azalduko dugu nola antzezlana sortze prozesuan dagoen, eta antzezlan bat sortzea zer den ikusteko aukera izango du publikoak, hasierako biluztasun horretatik den dena apainduta egon arte. Antzezlanaren hezurdura soilik ikusiko dute, nahiz eta obraren esentzia oso osorik jasoko duten. Une batean, ni ikusiko naute obra gelditzen, zuzentzen, baina hori ere oso aberasgarria dela uste dut.
Guretzat, bestetik, transmisio lan horretan oso garrantzitsua da publikoarekin hitz egitea, bakoitzak koaderno zuri hori nola ikusten duen jakiteko. Galdera argia da: zein da amek edota gurasoek gure seme-alaben bidea aukeratzeko dugun eskubidea? Horrez gain, askatasun sexualaz hitz egiten da obran, abortuaz… emakumeari lotuta dauden hainbat gai agertzen dira. Nik uste dut sokak baduela nondik tiratu.
Poetika oso presente dago zure antzerki sorkuntzetan. Dramatizaziorako baliabidetzat duzu? Estetika kontua da? Antzezlanak ere badu tragikomedia ukitua…
Egia da, estetikarengatik edota testuengatik, nire antzezlan guztiek badutela beti asko poetikatik. Hori da nik gustuko dudana, esateko modu hori, eta publikoarengana iristeko beste edozein modu baino zuzenagoa dela iruditzen zait. Estetika asko zaintzen dut, eszenan gertatzen den guztia koreografia bat izango balitz bezala lantzen dut, dantza bat ez den arren. Akaso, ni dantzaria naizelako egingo dut horrela, baina sormena ulertzeko nire modua da hori. Aktoreen mugimendu guztiak kontrolatzen ditut, dantza lan baten moduan.
Testuari dagokionez, Arantxa Iturbe eta bion estiloa ere bada, hitzek soinu ederra izan dezaten. Hitzei estilismo bat eskatzen diet, poetika bat. Eszena oso errealisten eta hausnarketarako edota poetikarako tartea ematen dutenen artean kontrastea egiten dut.
Bestalde, oraingo honetan, umoreak ere bere tartea izango du. Arrate, ahizpa gaztea, familia medikua da eta bere bi pazientek ukitu umoretsua emango diote ikuskizunari. Ahizpa biei gertatzen zaiena ulertzeko erabiliko ditugu bi paziente horiek, gatazka agerian uzteko, niretzat antzerkia gatazka baita. Gustuko dut publikoa bere kontraesanen aurrean jarraraztea, bakoitzak bere hausnarketarako bidea eraikitzea. Eta, bai, poetika eta tragedia elkarri lotuta doaz askotan, baina, umoreari esker, obrak baditu une oso argiak eta distiratsuak.
Zein da zure sorkuntza lanaren transmisioari eta komunikazioari ematen diozun garrantzia?
Hori askotan aipatzen digute antzerkigileoi, zergatik ez dugun publikoarengan pentsatzen… Eta ez dut uste erabat egia denik. Sortzaile guztiok ez dugu guretzat soilik lan egiten. Gugandik sortzen da istorioa, noski, baina kontatzeko, komunikatzeko nahi bat daukagu. Hori da sortzaileon koaderno zuria, proiektu bakoitzarekin betetzen hasten garena. Nik nahi dudana zera da, jendeak koaderno hori irakurtzea, ezagutzea eta horrekin hunkiaraztea. Horregatik, antzerkiaren bidez jendeari komunikatzeko tresnak ematea oso garrantzitsua da. Haiengana beste modu batean iristeko edo gizartean dauden gatazkez hitz egiteko bidea emateko.
Derrigorrezkoa da transmisio hori edozein lanetan. Hortik dator lan prozesuak erakusteko grina hori ere. Agian, berandu konturatu gara eta aurretik hasi behar genuen horrelakoak egiten, baina seguru nago lan prozesuak erakusteak bere emaitzak emango dituela.
Orozkoarra zaitugu. Zer suposatzen du Aiaraldean, eskualdean bertan zure lana erakustea?
Beno… Lotsa handiarekin joango naiz, noski. Norbere lana etxean erakusteak, are biluziagoa sentiarazten zaitu. Lana sortze prozesuan erakutsiko dugu, baina etxean jokatzeak ardura handiagoa dakar. Publikoa hor dago eta errespetu bera merezi du, baina aurpegi ezagunak ikusteak edota haiek zu ezagutzeak beste geruza bat gehituko dio. Eta tentsio puntu handiagoa. Beraz, aktoreak ni baino lasaiago egongo direla uste dut (barreak).
Zein da zure iritzia JALGI eta mota horretako ekimenen gainean?
Aiaraldean egitea ausarta iruditzen zait, ez baita oso bailara euskalduna. Beraz, erronka bi aldetatik dator: antzerkiaren transmisioa egitea eta lan hori euskaraz izatea. Erronka polita eta ausarta da. Horrelakoak izan behar dute proiektu guztiek, bestela ez dago zirrararik. Badakit ekintzaz josita datorrela ekimena, eta horrek publikoa sortzen laguntzen duen bitartean eta euskal antzerkia gehiago maitatzeko bidea bada, kasu honetan bezala, txalotzeko modukoa da.