"Pobre sortu garenok ere badugu urguilua, gero!"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko mai. 9a, 10:17

JULIA BARBERENA (Zugarramurdi, 1941) Neskato izan zen ezkondu artean. Donibane Lohizune eta Garazi, Antilla Txikiak eta Paris ibili zituen, inoren etxe eta haurrak zuzentzen. Tartean, Txomin Epaltzaren sendian, Jean Ibarnegarairenean eta Fenwick-en alargunarenean zerbitzatu zuen. Orozkon da 1964az gero, bertara ezkondurik. 1978an etxeko ogia saltzen hasi zen, eta telebistan ikusi dugu oraindik orain Herri People saioan, Zazpi baserri izeneko saioan.

JULIA BARBERENA (Zugarramurdi, 1941) Neskato izan zen ezkondu artean. Donibane Lohizune eta Garazi, Antilla Txikiak eta Paris ibili zituen, inoren etxe eta haurrak zuzentzen. Tartean, Txomin Epaltzaren sendian, Jean Ibarnegarairenean eta Fenwick-en alargunarenean zerbitzatu zuen. Orozkon da 1964az gero, bertara ezkondurik. 1978an etxeko ogia saltzen hasi zen, eta telebistan ikusi dugu oraindik orain Herri People saioan, Zazpi baserri izeneko saioan. “Baserritarra eta okina” zioten Juliaren gainean ari, baina telebistan kontatua baino aunitzez gehiago da. “Zuri kontatzen ahal dizut, baina ez da publikatzekoa. Ez du merezi”. Gordean dira hau, hori eta hura…

Herri people saioan ikusi zintugun, telebistan. Erranen didazu zer egiten duen Zugarramurdiko emaztekiak Bizkaiko Orozko honetan?

Neskato nintzen…

Non, neskato?

Donibane Lohizunen, Epaltzatarrenean. Inondik ere, Orozkotik helduak ziren, etxea baitzuten hemen, lehendik. San Pedroetarik abuztuaren hamabortz arte heldu ziren. Hemendik Lekeitiora joan ginen, urri arte edo, eta gero, berriz Donibanera. Orozkora etorri ginen, erran bezala, San Pedro bezperan. Neskato ginenok izaten genuen hamabortz egunetarik domeka arratsalde bat libre. Nagusi-etxekoandreak ez ziren etxean, baziren umeak, eta bazen kozinera elegante bat, Leandra izena zuena. Horrek erran gintuen: “Ni egonen naiz haurrekin, ez zaitezte berandu etorri. Zoazte!”. Jauregi auzoan ginen Orozkon, eta Muruetara joan ginen, sei kilometroko bidean, eta han ezagutu nuen Pablo Azkoaga jauna, eta horrela heldu nintzen Orozkora.

Epaltzatarrak jende ezagutua da Euskal Herrian.

Bai, hala da. Doña Maria nafarra zen, Iruñea gaindikoa uste dut, baina jauna, Don Domingo, bizkaitarra zen, lekeitiarrak. Adan de Yarzaren familia dira. Nire senar Pablok dioenez, Adan de Yarzak ekarri zuen pinua Bizkaira, 1870 aldera.

Gazte zinen, neskato lanean.

Hemeretzi urte banituen, baina lehenbizian hamabortz urterekin joan nintzen neskato Frantziara. Ordu artio Zugarramurdin bizitua nintzen. Telletxeko alaba naiz ni. Telletxea du izena gure etxeak, eta han da oraino. Baginen momentu batez hamahiru lagun: aita, ama, zortzi ume, aitatxi-amatxiak eta iloba bat. Etxe handia da. Baziren oiloak, baziren lau behi, baziren ardiak… eta asto bat ere bazen. Seigarrena nintzen etxean, ni baino lehenago bortz mutiko baziren.

Lana egitea gertatu zitzaizun baserrian?

Baiii! Baina nik ttiki-ttikitarik banekien lanera joan behar nuela neskato. Baziren guardia zibilak Zugarramurdin, eta haien umeekin ibiltzen nintzen. Ez ziren hain gaizki bizi han… Konprenitzen duzu zer erran nahi dudan?

Ongi bizitzeko manera egiten zutela handik eta hemendik zerbait maneiaturik…

Zuk erran duzu, ez nik! Bertze manera bat zen. Izaten zituzten gabardinak plexiglasekoak, transparenteak. Orain parasolak diren bezala, orduan gabardina zen moda, eta guardia zibilen umeek bazituzten. Eta nik ere nahi nuen… Zazpi-zortzi urte izanen nituen, ez gehiago, eta aitak erran ninduen: “Beha, Julia, hemen bizitzen baldin bazara izanen dituzu arropa arrunttak, ez zaizu faltatuko ez jatekoa ez fitsik, lan eginen duzu eta biziko zara ongi, baina nahi baduzu plexiglaseko gauzak, joanen zara neskato, eta irabaziko duzu dirua, eta orduan izanen dituzu bertze gauzak, hemen izanen ez dituzunak”. Zortzi urterekin nik banekien hori horrela izanen zela. Eskola eta bertze gauzak ez zitzaizkidan interesatzen. Nik neskato nahi nuen.

Noren bidez joan zinen neskato? Nora?

Erranen dizut. Amak bazuen bigarren kusia bat, moja, Gurutzeko alabak Frantzian, eta hori dela medio joan nintzen Biarnoko Salies-era, frantsesez ikastera eta lanean. Urte bat egin nuen han, eta berehala ikasi nuen frantsesa, ongi gainera.

Nola heldu zinen Epaltzatarrenera?

Hori bertze istorio bat da. Gero jesuita bat ere ezagutu nuen, eta hark erran ninduen ea zertako ez nintzen joaten Donostiara erizain ikasteko. Ezagutzen zuela familia bat eta hau eta hori, eta “Zertaz ez?”, erran nion ene buruari. Baina nagusia berehala hil zen. Etxeberria bat zen familia, psikiatra. Han bi urte egon nintzelarik, ez erizain ez deus, lanean. Hortik Lekeitiora joan ginen. Baziren lau emazteki etxean: hiru ahizpa, batto gaixoxkoa, eta amatxi zaharra. Amatxi zaharra hil zen, han ginelarik. Haien jostailua nintzen. Joaten nintzen jostera, eta han ezagutu nuen emazteki bat, Justa izena zuen, eta erran nion ez nintzela kontent eta nahi nuela joan hortik. Eta erran ninduen Epaltzatarrekin eginen zuela solas, zertaz emazteki hori haiekin egona zen neskato. Horrela joan nintzen Epaltzarrengana. Urte bat egon nintzen han.

Urte bat.

Bai. Nik ingelesa ere ikasi nahi nuen, eta izan nuen manera ingelesa ikasteko, baina ez Ingalaterran, Antilletan baizik.

Antilletan ibilia zara neskato?

Bai. Juan Ibarnegarai? Aditzea izanen duzu. Haren alabarekin egon nintzen urte bat, exkaxa. Istorioa kontatu behar dizut dena? … Galdera bat egin dizut: nahi duzu istorio guztia kontatzea?

Antilletako istorio hori jakin nahi dut, bai.

Antilla Ttikietan egon nintzen urte bat. Hemeretzi urterekin joan nintzen. Juan Ibarnegarai ezkondu zen ez sobera gaztea. Lau alaba izan zituen. Alaba zaharrenarekin joan nintzen Antilletara. Bazuen haur bat, eta bertze baten esperantzatan zen. Kusia batek ezagutzen zuela eta badakit zer eta ez dakit zer, badakizu nola izaten diren istoriook, eta erran ninduen: “Zu, Julia, nahi duzu joan?”, eta nik baietz. Donibane Garazin egon nintzen haiekin, Antilletara baino lehen. Bazuten han etxe bat, handia, gaztelu moduko bat iduri zuena, lau dorrerekin. Eta bazen inskripzio bat etxearen ate printzipalean: “Lehen, hala. Orain, hola. Gero, nola?”.

Donibane Garazin izan zen hori, Antilletara baino lehen.

Bai. Aski ongi izan nintzen Donibane Garazin etxeko andrearekin eta denekin. Baina hartu genuen barkua Vigon eta joan ginen Antilletara. Hamabortz egun, ongi. Eta Antilletan ere, ongi ni. Arras leku diferentea da Antilla, baina han denbora beroa, eta nik denbora beroa maite dut, erran behar dut egia. Eta gustatu zitzaidan aunitz.

Denbora beroa maite zuk.

Bai, eta gainera ongi nintzen. Irla bat zen hura, 35.000 lagun, eta 300 edo ginen xuriak. Ailegatu nintzelarik denek bazekiten nor nintzen, denek solas egiten zuten nirekin, agurtzen ninduten, izugarri goxoak ziren nirekin… Bazen militar bat erretiratua, bazekien frantsesa, eta ikusten ninduelarik, beti zen nirekin solasean… Ongi!

Ez dut buruan sartzen ahal. Zugarramurdiko xokotik Antilletako bazterrera.

Hazia naiz Euskal Herrian, eta badakizu nola bizituak garen gehienean hemen: fedea. Neskato nintzelarik portatzen nintzen gurasoekin bezala. Ez nuen libertaterik hartzen, ez nuen behar ere. Arrisku aunitz izan ditut bizian, eta lanjerra handiak, baina behin ere ez dut makurrik izan: norbaitek bertze aldetik zaintzen nau. Eta zaharrago eta seguruago naiz.

Hitz beste eginez, nahi baduzu: neskato bizimodua gogorra da?

Bai, bakarrik zarelarik. Etxeko zakurra zu baino inportanteagoa da, nire denboretan beti. Bertze gauza bat: nik hori ere badut, ona edo txarra, baina nagusia nagusi, eta ni neure lekuan. Etxe batean egin dudalarik lan, zerbitzatu naiz ahal bezain ongi, baina partitu naizelarik, agur!, ez da nire lekua. Ez dut erran nahi nire burua gutxiago sentitzen dudala, ez. Bakoitza bere lekuan: aberats sortzen dena, aberats, baina pobre sortu garenok ere badugu geure urguilua, gero! Neskato zaren etxean umeak baldin badira, bada bertze gauza bat: umeek ematen dizute, eta zuk ere ematen diezu, hartzen duzu eta ematen duzu, hor ez zara hain bakarrik. Suertatu nintzen Parisen.

Parisen? Antilla Ttikietan zinena, Parisen gero?

Bai, Antilletarik etorri nintzen gibelera, jakina. Izan ziren istorioak eta etorri nintzen. Etxekoandreak erran ninduen: “Badakit ez naizela ongi portatzen zurekin…”. Eta erran nion: “Beha, andrea, ez da zure kulpa, ez da nirea, baina elkarrekin ez gara egoten ahal”. Bera, bera zen, eta ni, neu. Niri norbaitek solas egiten baldin banau, nik emanen diot arrapostua. Antilletan jendeak maite ninduen, eta lagundu ninduten etortzen. Han, dendak ziren okindegia, drogeria, bidaia-agentzia… Eta sartu nintzen agentzian, eta lagundu ninduten.

Handik irten zinen.

Bai. Barbadosen hartu nuen barkua, Montserrat izena zuena. Etxekoandreak bazekien banentorrela, eta egun hartan ez zuen fitsik erran. Egin nuen maleta, bi minutuko istorioa, eta prest nintzen. Egun hartan etxekoandrea hondartzara joan zen haurrekin. Itzuli zelarik, erran ninduen: “Egin behar duzu hau eta hori eta hura, hainbertze gauza, eta gero, prestatu zaitez, zertaz hiruretan hartu behar duzu abioia”. Eta nik, orduan, erran nion: “Lehenbiziko prestatuko ditut nire gauzak eta gero, astia baldin badut eginen ditut bertze gauzak”. Eta nagusia: “Stupide!”. Kar, kar, kar… Ez nien kasu fitsik egin. Haurrak niri lotuak, nirekin. Ezagutzen ninduten. Horrela partitu nintzen. Aireportura polizia etorri zen, galdetuz ea kexarik banuen, zertaz oihuak entzun zituzten kanpoan. Urri nintzen, baina ongi zaindua. Hurrengo etxean Parisen izan nintzen. Fenwick jasogailuak? Aditzea baduzu?

Fenwick, bai, horiek ere ongi ezagutuak dira munduan.

Haiekin egon nintzen neskato. Nagusia hila zen, etxekoandrea bere gisa bizi zen, eta bazituen bi ume ttiki. Zazpi egun nintzen haiekin, baina ez nintzen gaizki, ezta pentsatu ere, aski ongi. Muttikoa hiru urtetara joaki zen, ea etxe hartako nagusia nor zen galdetzen zuen. Ttikia zen, baina jauna zen jada. “Nagusia zu zara, eta ni neskatoa, baina zu ttikia baitzara, nik erraten dudana egin behar duzu”. Orduan bazen moda gogorra haurrei gibela eta espinakak ematekoa. Muttikoak: “Nik ez dut batere maite espinaka!”. “Nagusia baldin bazara gutxixeago jan behar duzu, baina jan behar duzu!”. Ongi bizitu nintzen haiekin. Azkenean erran nion etxekoandreari: “Aizu, zertaz ez dituzu eramaten haurrak nirekin Zugarramurdira?”. Eta baietz, eta Zugarramurdin egon nintzen bortz hilabete. Ezkontzeko bezperan utzi nituen.

Ezkontzeko zinen bezperan?

Bai. Haurrak uztea niretzat izan zen gauza bat… Eta oraino… Jendeak erraten du: “Maite dituzu umeak, zuk erditu dituzunak”. Baina ez da horrela: umeak maite dituzu, zuk hazten baldin badituzu. Erditzea, ez erditzea, hori ez da egia. Nik oraino maite ditut haur horiek. Badituzte 54-55 urte. Maite ditut oraino haur horiek, egiaz, gainera.

Noiz utzi zenuen neskato lana eta ezkondu zinen Orozkora?

Mila bederatziehun eta hiruretan hogeita lauan. Ume haiek utzi nituen Donibane Lohizunen, ezkondu nintzen, eta biharamunean etorri nintzen Orozkora. Ezkondu nintzelarik, ez duzu pentsatzen: amodioa eta hau eta hura, ez duzu gehiago pentsatzen fitsik. Eta, gainera, uste duzu zure gizona dela jainko. Lau urteren buruan ohartu nintzen bertzeak bezalako zela. Orduan, onetsi behar duzu nola diren gauzak, ez da bertzerik.

Eta hasi zinen ogi egiten halakoren batean.

Baratzekaria ona egiten nuen, etxea panpindua nuen, ongi arrimatua. Emazteki bat nintzen, ilusioarekin. Nik ez ditut konprenitzen oraingo emaztekiak, feministak eta bertze. Emaztekiak badu gizonak baino gauza aunitz gehiago. Emaztekia zara, eta ama zara. Gizonak umeak egiten ditu, baina ez du titirik ematen. Ramiro Pinilla ezagutzen duzu? Gustatzen zait aunitz gizon hori. Behin aditu nion telebistan erraten: “Emaztekiak ez du fitsik demostratu behar, bera da!”. Nire gizonarekin bizi naiz, gustu aunitz zerbitzatzen dut, baina berak ere ematen nau bere gauza. Zuk ematen duzuna gogoz ematen duzu, eta hartzen duzuna, estimatzen duzu.

Ogia…

Hemen ikasi nuen ogi egiten, Orozkon. Baina Zugarramurdin, haurra nintzelarik, nork egiten zituen fildakeriarik handienak? Beti Juliak. Telletxean bizi nintzen, baina amatxi bizi zen beste baserri batean, Sartzarrean, eta hara joaten nintzen. Han, aitaren arrebak, izebak, egiten zuen gasna, egiten zuen ogia, baratzekariak… Zen emazteki bat, bera. Aunitz joaten nintzen amatxirenera, eta aski gustura egoten nintzen haren etxean. Eta ezkondu nintzelarik honat, maite nuen etxe-ogia. Umeak hazi ziren, baina bertzerik behar nuen. Auzoko emazteki batekin hasi nintzen ogia egiten, lehenbizi etxekoz, baina 1978an joan ginen Gernikara.

Etxeko ogia salgai. Telebistan kontatua duzu geroko istorio-historia.

Behin ikusi dut programa, eta ez dut gehiago begiratu!

“Baserritarra eta okina” zioen telebistak zure gainean, baina bada bertzerik Julia Barberena Irigoienen bizian.

Zuk uste duzu? Menturaz, hala izanen da. Ni ez naiz ohartzen baina gauza aunitz pasatzen dira nire buruan. Beharrik ez naiz ohartzen!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide