1949. urtea berezia izan zen PABLO AZKOAGAren (Orozko, 1929) bizitzan. Urte hartan igo zen mendira bere anaiarekin ikatza egiteko. Hurrengo urteetan egurra eta ikatza garraiatzen egin zuen lan.
Zuk behin baino ez duzu ikatza egin; 1949an, ezta?
Hala da. Nire aitak bazuen mendi bat Larragorrin, bere aitonaren eskutik heredatu zuena. Santa Marinako elizari 1795ean 13.000 dukadoren truke erositako lursail bat zen. 1949an esan zigun gure aitak ikatza egin nahi zuela. Nire anaia eta biok joan ginen lan hori egitera, Eusebio Olabarriarekin batera. Berak lurrezko etxola bat egin zigun. Lehen gauean hotza pasatu genuen, etxola heze zegoelako. Berriz altxatu behar izan ginen sua egiteko.
Bi hilabetez egon ginen bertan. Egunero biltzen genuen egurra, astelehenetik larunbatera. Larunbatetan etxera itzultzen ginen.
“Ikatzak lanpostu asko sortzen zituen Orozkon, diru asko mugitzen zuen”
Otsaila amaieran elurte bat egon zen eta etxera itzuli behar izan ginen. Abuztu partean joan ginen ikaztegira egur bila. Nire aitak orduan ikazkin bat bilatu zuen, eta berarekin hasi ginen ikatza egiten, urrirarte. Ikatza egin ahala jaitsi eta saldu egiten genuen, 10 pezetatan kilo bakoitza.
Hortik hurbil bazeuden beste mutiko batzuk ikatza egiten, elkarri laguntzen genion. Guk hiru egunetan egiten genuen lana eurek bitan egiten zuten, profesionalak eta gu baino helduagoak zirelako. Nik 19 urte nituen eta nire anaiak 18.
Ikatza egitea gogoko zenuen?
Ikatza egitea ez nuen oso gogoko. Aizkorarekin adarrak kentzeko pagoetara igotzea zen gustuko nuena. Garrantzitsua zen mozteko modua, adar berriak ateratzea bermatu behar zen eta.
1949an baino ez genuen egin ikatza. Ondorengo urteetan egurra eta ikatza garraiatzera mugatu ginen.
Nolakoa zen ikatza egitearen prozesua?
Profesionaltasuna eskatzen zuen. Egur zatiak bata bestearen gainean jarrita bi metro inguruko altuera zuen tximinia osatzen genuen lehenbizi, “txikita” deitzen geniona. Egurra tximiniaren inguruan pilatzen genuen, eta egur-meta iratzez estaltzen genuen gero. Garrantzitsua zen egurra ondo pilatzea, hutsunerik geratu ez zedin. Behin “mendia” osatuta, iduriarekin (aurreko ikatz ekoizpenetan sortutako hautsa) estaltzen genuen.
Aurreko guztia eginda, brasak botatzen ziren tximiniatik behera. Tximiniaren zuloa estali egiten zen ondoren, sua atera ez zedin. Dena ondo estutu behar zen, ondo egosi zedin.
Arriskutsua zen?
Bai, Orozkoko bizilagun bat osorik erre zen. Ez zuen tontorrera igotzeko eskailerarik eta sura erori zen. Gurekin zegoen ikazkinak bazekien gauzak nola egin eta ez genuen arazorik izan, eskailera batekin igotzen ginen beti.
“Arriskutsua zen ikatza egitea, Orozkoko bizilagun bat osorik erre zen”
Gauetan ere erne egon behar ginen, egur-metan zuloren bat sortuz gero sua ateratzeko arriskua zegoelako. Lau egur-meta genituen aldi berean egosten. Egur-meta bakoitzak sei egun inguru behar zituen ondo erretzeko. Gero idiekin jaisten genuen ikatza herrira.
Eta zertarako erabiltzen zen ikatza?
Orozkon bazegoen industria nahiko, baita burdinola ugari ere. Guztiek ikatza behar zuten funtzionatzeko. Etxebizitzetan ere erabiltzen zen, su txikietan.
Ikatz asko egiten zen Orozkon, gehiena Bilbora eramaten zen. Gasteizera eta Mirandara ere garraiatzen genuen. Orozkon bazegoen ikaztegi bat. Bertan biltzen zen ekoitzitakoa eta kamioiak gerturatzen ziren gero ikatza beste leku batzuetara eramateko.
“Ikatza egitea zer zen ezagutu dugunontzat ogibide horren gogortasuna adierazteko modu bat da Olentzeroren ospakizuna”
Jende askok egiten zuen lan prozesuan. Diru asko mugitzen zen ikatzaren merkatuan. Lapurzulon dagoen 10 hektareako mendi bat 5.800 pezetaren truke saldu zen 1915an, langile baten eguneko soldata pezeta eta erdikoa zenean. Orain ez du ezer balio, baina garai hartan bai, ikatza ekoizten zelako bertan.
Esaten da Olentzero eta Mari Domingik txarto portatu diren umeei eramaten dietela ikatza.
(Julia Barberena, Pablo Azkoagaren emaztea, hasi da hizketan): Ikatza egitea zer zen ezagutu dugunontzat ogibide horren gogortasuna adierazteko modu bat da Olentzeroren ospakizuna. Oso gogorra zen ikatza egitea.
Pablo Azkoaga: Bai. Mendian geundenean bi otordu egiten genituen egun bakoitzean. Plater bakarra: babak urdaiarekin. Oso gogorra zen.
Ikatza egitea zerbait folklorikoa izatera pasa da. Zergatik?
Laudion industria garatzen hasi zenean jende asko fabriketan lan egitera pasa zen. Gaur egun ortuan lan egiteari ere utzi egin zaio. Jendeak nahiago du erosketak Eroskin egitea.
“Ederra zen Santa Marinan zegoen egur erre usaina, 10-15 ikaztegi zeudenean”
Gainera, gaur egun debekatua dago mendian ikatza egitea, suteen aurkako neurri bezala. Zuk ez duzu hori bizi izan: Santa Marinara igotzea 10-15 egur-meta egosten zeudenean, oso ederra zen goizetan zegoen egur-erre usaina.