“Arropa erosi ordez, duguna birmoldatzeko aukera eman nahi dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 16a, 10:22

ESTITXU CARRASCO (Basauri, 1985) Orozkon sortutako TrucaRec elkarteko kidea da. Bilbon du egoitza taldeak, eta arropa erabilia birmoldatzea du xede. Tailerrak antolatzen dituzte horretarako.

ESTITXU CARRASCO (Basauri, 1985) Orozkon sortutako TrucaRec elkarteko kidea da. Bilbon du egoitza taldeak, eta arropa erabilia birmoldatzea du xede. Tailerrak antolatzen dituzte horretarako.

Zer helbururekin sortu zen TrucaRec?
2008ko azaroan sortu zen elkartea, arropa birziklapenaren gaia lantzeko. Gure lokalera iristen den arropa birmoldatu egiten dugu. Joste tailerrak ere egiten ditugu, gure lokalean zein kanpoan, hainbat azokatan.

Nolakoa da arropa birziklatzearen prozesua?
Gurera iristen den arropa aztertu egiten dugu lehenbizi. Egoera txarrean badago gure lokalean dugun “Doako arropa”-ren gunera eramaten dugu, nahi duenak hartu dezan. Egoera onean dagoen arropa birmoldatu egiten dugu. Partxeak jartzen dizkiogu, prakak poltsa bihurtzen ditugu... arropa bota ordez birmoldatzea da helburua.

Joskintza ezagutza handiak behar dira halakoak egiteko?
Ez. Tailerrak egiten ditugu ezagutza horiek transmititzeko. Tailer horietan, alde batetik, josten irakasten dugu eta, bestetik, arropa birmoldatzen. Tailerretan parte hartzen dutenek euren arropa propioa edo tailerrean bertan dagoena erabiltzen dute horretarako.

Gabonetan arropa erostearen aldekoak baino, jostekoaren aldekoak zarete zuek, beraz.
Hori da. Etxean arropa zaharra baldin baduzu erraza da birmoldatzea: partxeak jarri ahal dizkiogu, botoiak aldatu, kolore apur bat eman... TrucaRec-era bi astez etortzea aski da josten ikasteko. Eta behin josten dakizula erraza da arropa birmoldatzea. Ideiak hartzea ere inportantea da. Guk ere lagundu egiten diegu tailerretan parte hartzen dutenei ideia ezberdinak garatzen. Stencil (arropa margotzeko txantiloia) tailerra ere eskaintzen dugu.

Non ibiliko zarete aste hauetan?
Duela gutxi Basaurin egon ginen, eta orain negua heltzearekin batera Bilbon azoka asko antolatzen dituzte. Azoka horietako batzuetan egongo gara gu. Laudion eta Amurrion ere aritu izan gara, baina momentuz ez dugu beste zitarik Aiaraldean.

“TrucaRec-era bi astez etortzea aski da josten ikasteko. Eta behin josten dakizula erraza da arropa birmoldatzea”

Lokala Bilboko Dos de Mayo kalean dugu, eta bertan hileko lehen larunbatean egoten den azokan parte hartu ohi dugu. Postua jartzen dugu gure arropa saltzeko. Baina tailerra ere eskaintzea proposatu digute, eta hala egingo dugu datozen hilabeteetan.

Eta zer asmo dituzue etorkizunari begira?
Orain arte bezala jarraitzeko asmoa daukagu, baina proiektua apur bat zabaldu nahiko genuke. Gizarte etxeetan parte hartu nahiko genuke, eta Euskal Herriko mugimenduetan gehiago sartzeko asmoa ere badugu. Ikastetxeetan ere sartu nahiko genuke, gazteekin jasangarritasuna lantzeko.

Bigarren eskuko arropa modan jarri dela diote batzuek. Hala ikusten duzue zuek?
Guk egiten duguna ez du jende askok egiten. Bigarren eskuko arroparen salmenta asko ugaritu da, baina guk arropa birmoldatu egiten dugu. Guk jasotzen dugun arropa eta saltzen duguna ez da berbera. Horrekin jolasten dugu guk: jendeari ikustarazten gure arropa propioa birmoldatu dezakegula, jantzi berriak sortzeko eta horrela arropa hori erabiltzen jarraitu ahal izateko.

“Ikastetxeetan tailerrak egin nahiko genituzke”

Krisia hasi aurretik jendeak maizago botatzen zuen arropa zakarrontzira. Orain guri ez zaigu horrenbeste arropa iristen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide