BORJA TREMIÑO SOLATXIk (Orozko, 2000) afizio bitxi bat du: falkoneria. Etxean duen arranoarekin ehiza-esparru batera joaten da, untxi, erbi edota eperrak ehizatzera.
Arrano batekin ehizatzen duzu, arranopola! Nola lortu zenuen hegaztia?
Txikitan Orozkon pertsona bat ikusi nuen arrano bat zuena, eta orduz geroztik nik ere bat nahi izan dut. Egun batean, duela bi urte, familia baten etxean egon nintzen eta horrelako arrano bat ikusi nuen, eta aitari esan nion bat nahi nuela. Aitak esan zidan posiblea zela bat lortzea. Arranoa zuen pertsona horrekin hitz egin genuen eta nahiko merke jarri zidanez erosi egin genuen. Erosi nuenean urte bat eta erdi zeukan. Orain hiru urte eta erdi ditu.
Eta erosi egin zenuenean jaramon egiten zien zure aginduei?
Ez. Arranoa saldu zidan pertsonak erakusketetarako baino ez zuen erabiltzen. Nik arranoarekin ehizatzeari ekin nion. Ehiza-esparru batera joaten naiz arranoarekin eta beste lagun batekin. Oso ondo pasatzen dut bertan.
Baina hasieran arranoak ez zidan jaramonik egiten. Eskua altxatuta ere ez zen gerturatzen. Baina badut lagun bat Santanderren lagundu egin didana arranoari irakasten. Berarekin ikasi dut.
Ehiza-esparru batera joaten naiz arranoarekin eta beste lagun batekin. Oso ondo pasatzen dut bertan
Arranoaren pisua kontrolatzea ere garrantzitsua da, ez?
Bai. Lodi badago hegan egiten du, baina gerturatzeko esaten badiozu ez dizu jaramonik egiten. Kasu horretan txita gutxiago ematen dizkiot, pisua galdu dezan. Baina kontu handiz egin behar da hori, pisua bat-batean jaistea oso txarra baita berarentzat.
Etxean pozik daude arranoarekin?
Hasieran amak esaten zidan ea nola izango nuen arrano bat, oso arraroa zela. Niri txikitatik gustatu izan zaizkit animaliak, eta ama azkenean moldatu egin da.
Ikasgai guztiak gainditzen baditut beste txori bat oparituko didate: Belatz arrunt bat. Arranoa baino apur bat txikiagoa da. Hegaldi altuko falkoneria praktikatzeko nahi dut.
Jende askok nahi du aztore bat izan, “hiltzeko makina” bat dela argudiatuta. Nik nahiago dut dudan arranoa, askoz lasaiagoa da. Nire ametsa belatz handi bat izatea da.
Eta auzokideek zer diote?
“Zer polita! Nolatan duzu arrano bat?” galdetzen didate. Gustatzen zaidalako dudala erantzuten diet nik. Kaletik noanean jendea begira geratzen da, baina beste batzuk ohitu egin dira dagoeneko.
Nire ametsa belatz handi bat izatea da
Baimen asko behar dira horrelako txori bat izateko?
Txoriaren paperak behar dira, eta baita arranoarekin ehizatzeko baimena ere. Azken baimen hori lortzeko azterketa egingo dut laster. Baimen horrekin EAEn ehizatu ahalko dut.
Denbora asko kentzen dizu arranoa mantentzeak?
Egunean behin jaten du. Txita txikien haragia jaten du, untxia eta arratoiak. Untxiak, erbiak, uxoak eta eperrak ehizatzen ditu.
Egunean ordu bat edo bi egoten naiz berarekin entrenatzen. Denbora hori hegan pasatzen du arranoak, leku zabal batean, etxe eta autorik gabekoa (bestela beti nire atzetik joaten delako).
Txita txikien haragia jaten du, untxia eta arratoiak
Eta berarekin ez zauden denbora non igarotzen du arranoak?
Etxean, Badut leku handi bat berarentzat, eta nahi beste egin dezake hegan bertan.