Azaroan Orozkon hainbat bisita gidatu historiko gauzatuko dituzte, hiru hain zuzen ere. Bisitaldi horiek euskaraz zein gazteleraz izango dira, doakoak eta leku-kopuru mugatukoak. Izena emateko Orozko Museora jo dezakete interesdunek: 94 633 98 23 telefono zenbakira, alegia.
Azaroaren 8an egingo dute lehenengo bisita, Félix Mugurutza eta Orozkoko Garrafa Elkartearen eskutik. Bertan, Gorbeiako elur-zuloak ikusiko dituzte, Zaratateko elur zuloak alegia, eta ondoren garrafa dastatzeko aukera egongo da.
Bigarren bisita azaroaren 15ean izango da, Felix Mugurutzaren eskutik berriro. Orozko Jose Arrue margolari kostunbristaren obraren bitartez ezagutzeko parada emango dute bisita horretan, Mugarragako San Migel eta Dulumango San Joan elizak bisitatuz.
Jose Arrue euskal margolari ospetsua izan zen, euskal gaiak batez ere lantzen zituena. Euskal Artisten Erakundearen sortzailea izan zen, besteak beste.
Basoak
Hirugarren eta azken bisita azaroaren 22an izango da, Juanjo Hidalgok gidaturik. “Izan zen basoa. Txaradiak, zuhaitz lepatuak eta tantaiak” deitu dio historialariak zitari. Horretan, Zerratuzergo mintegia eta Mintegitxikerra bisitatuko dituzte.
Juanjo Hidalgok horrela deskribatu du egingo duen ibilbidea: “Orozkoko plazatik Beraza izeneko auzoraino abiatuko gara. Handik, Garai auzotik, bidea jarraituko dugu, Goiri baserritik gora, bidegurutz batera iritsi arte.
Ezkerrera hartuz Gaztañazarreta zonaldean sartuko gara, aldapa gora. Bertan gaztainondo batzuk ikus daitezke baina pinua da nagusi.
Eta pinudien artean aurkitu ditugu Aro Modernoan basoa ustiatzeko erabili ziren mintegiak, hau da, pago edota aritz-txirpiak landatzeko zein hazteko gune babestuak, harresiz inguraturik.
Handienak, Zerratuzar izena du; bestea, Mintegitxikerra, askoz txikiagoa, jakina, eta erabilpen desberdinekoa.
Behin ikusita, beti aldapa gora, bide nagusira helduko gara, Ubizear eta Kurtzegan tokietara doana. Gu, aldiz, herriaren norabidea hartuko dugu hurbil dagoen pago motzez osaturiko baso bat aurkitu arte.
Basoan barrena sartuz izandako basoaren ustiapen zaharren inguruan arituko gara, eta horretarako bidai historiko bat egingo dugu, mendez mende, jatorrizko basoaren bila… baldin bazen.
Zuhaitz motzak edo lepatuak, txaradiak eta zuhaitz tantaiak nahastuko dira gure buruan, baso inguruan geneukan birjintasunezko irudiarekin.
Gure baso-magikoak, mitoz beterik, egur-ikatz bihurtuko dira, ikazkinek bihurtu zituzten bezala eta bezain gogor. Amets urtuak, besterik ez.
Gizakiok beti erabili ohi ditugu basoak gure probetxurako, eta erabilpen horren aztarnak oraindik aztertzeko aukera izatea ikaragarria da, magikoa baita.
Handik, aldapa behera, Garai eta Beraza auzoetaraino, goizeko ibilbideari amaituz”.