"Dantzaren eta gorputzaren bitartez feminitatearen arloko hainbat gaitan sakontzen hasi ginen"

Erredakzioa 2015ko urr. 27a, 10:56

JAIONE ARAMENDI (Orozko, 1964), MARTA MATEOS (Laudio, 1973) eta ANDOLIÑE FRADE (Bilbo, 1980) Amandre Emakume Zirkuluko kideak dira eta bertan feminitatea modu berezian lantzen dute. Azkenengo saioaren zein egindako ibilbidea kontatu dute.

Zer moduz ostiraleko saioa?

Oso ondo. Hamaika emakume elkartu ginen, eta oso atsegina izan zen saioa. Balorazioa egiteko orduan, besteak beste, asko pozten gaitu ikusteak nola lortu dugun, intuiziotik abiatuta, espazio eta giro elikagarri sendo bat sortzea.

JAIONE ARAMENDI (Orozko), MARTA MATEOS (Laudio) eta ANDOLIÑE FRADE (Bilbo) Amandre Emakume Zirkuluko kideak dira eta bertan feminitatea modu berezian lantzen dute. Azkenengo saioaren zein egindako ibilbidea kontatu dute.

Zer moduz ostiraleko saioa?

Oso ondo. Hamaika emakume elkartu ginen, eta oso atsegina izan zen saioa. Balorazioa egiteko orduan, besteak beste, asko pozten gaitu ikusteak nola lortu dugun, intuiziotik abiatuta, espazio eta giro elikagarri sendo bat sortzea.

Nola bururatu zitzaizuen Amandre taldea sortzea?

Elkarrekin neguko solstizioa ospatzen ari ginela, guk egiten ditugun lanetan aspaldi dabiltzan emakume interesgarri batzuk gurera ekartzea nahi genuela ondorioztatu genuen.

Era berean, Kultur Etxean erabiltzen ari ginen lokala eskatzeko zein herriari gure berri emateko elkarte bat sortzea komenigarria litzatekeela iruditu zitzaigun.

Urtebete eman genuen ideia mamitzen eta iazko udaberrian Amandre Emakume Zirkulua jaio zen.

Zer nolako ibilbidea egin du taldeak?

Orain dela lau urte, Laudion Ekialdeko Dantza egiten genuen Orozkoko emakume batzuek irakasleari herrian saio batzuk eskaintzea proposatu genion.

Orduan, dantza egiteko hasi ginen elkartzen. Eskola horietan, dantzaren eta gorputzaren bitartez feminitatearen arloko hainbat gaitan sakontzen hasi ginen. Konturatu ginen zein garrantzitsua den naturarekin daukagun loturaz ohartzea.

Horren kontzientzia hartzeak lan berrietara eta zenbait esperientzia ezagutzera eraman gintuen.

Eta, konturatu gabe, saioen edukia eta egitura aldatzen joan zen. Zirkuluan esertzen hasi ginen, eta hasierako gorputz lana zein amaierako hausnarketak horrela egiten genituen.

Dantza egitean ere behin eta berriro zirkuluan dantzatzen amaitzen genuen.

Orduan, Jean Shinoda Bolenen “El millonésimo círculo” liburua iritsi zitzaigun, eta konturatu ginen munduan aspalditik, eta gaur egun ere bai, egiten zutela gu egiten ari ginena.

Horrek hainbat ikerketa bide ireki zizkigun eta kanpora begiratu genuen, beste leku batzuetan egiten zena gurera moldatzeko.

"Saioetan errituak zein solstizio edo ekinozio ospakizunak antolatzen hasi ginen. Euskal Herriko ohituretan zerikusia zuena ere gurera ekartzen saiatu ginen."

Aldi berean, zirkuluan hitz egiteko era berezi horrek erakutsi zigun era guztietako emakumeok beharrezkoa dugula horrelako espazio bat. Bertan, elkarbanatu nahi diren sentimendu, esperientzia zein jakintzak agertzen direla konfiantzaz.

Zein da taldearen alderik positiboena?

Gure ustez ez dauka alde txarrik. Bertan aritzen garenok onurak baino ez dizkiogu ikusten. Emakumeok benetan “ahalduntzeko” tresna oso baliagarria dela uste dugu.

Zenbat zarete eta zein da parte-hartzaileen iritzia egindakoari buruz?

Elkartekideak zazpi emakume gara. Hasieran lau ginen, askotan hamabi inguru elkartzen gara. Eta azkenengo topaketan 22 emakume elkartu ginen Gorbeian naturarekin lotutako ekintza batean.

Esan behar dugu Orozkoko emakumeak ez ezik, askotan, inguruko herrietako emakumeak ere etortzen direla.

Nola parte hartu dezakete emakumeek zuen zirkuluan?

Deialdi ezberdinak egiten ditugu. Alde batetik, hilero dohainik diren emakume zirkuluak antolatzen ditugu eta, bestalde, hilero kanpotik ekarritako trebatzaile batekin gai ezberdinen inguruan ikastaroak antolatzen ditugu.

Bietarako, posta elektronikoz, kartelen bidez eta Facebooken bidez zabaltzen dugu publizitatea. Gure posta elektronikoaren helbidera (amandrezirkulua@gmail.com) idatziz gero, gure kontaktuen zerrendan sartzen ditugu eta guztiaren berri izan dezakete.

Facebooken Amandre Emakume Zirkulua taldea daukagu, eta bertan ere ikus daitezke hauek guztiak eta feminitatearekin lotutako hainbat artikulu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide