"Duela 300 urte bezala egiten ditugu biolinak, baina kandelekin lanean aritu gabe"

CARLOS  GONZALEZ BARROS (1980, Oleiros) Orozkon bizi den bibolin egilea da. Bilbon Lutheria Sarriko tailerra ireki du, antzinako eran biolin berriak egiten dituzte.

Paristik datorren artista bat zara zu? edo nondik datorkizu biolinarekiko lotura?

CARLOS  GONZALEZ BARROS (1980, Oleiros) Orozkon bizi den bibolin egilea da. Bilbon Lutheria Sarriko tailerra ireki du, antzinako eran biolin berriak egiten dituzte.

Paristik datorren artista bat zara zu? edo nondik datorkizu biolinarekiko lotura?

Musikarekikoa da nire zaletasuna. Duela 10 urte biolin egilea izango nintzela esango bazenit ez nuke imajinatuko! Musika munduan denbora asko daramat, baina ez naiz inoiz artista izan. Soziologia ikasi nuen, eta beti eragin diot gehiago buruari eskuari baino. 2005ean Bilbora etorri nintzen, eta kontserbatorioan lutheria eskola bat zegoela jakin nuen. Plaza eskatu eta plaza lortu nuen, biolina, viola, biolontzeloak… sortu eta konpontzeko ikasketak egiteko.

Galiziarra izanda gaitatik biolinerako jauzia nola eman zenuen?

Ez dakit. Biolina sorpresa bat izan da niretzat, nik kitarrak egin nahi nituen, eta lanbide bat ikasi, nire bizitzan ikasitakoarekin ez bainengoen gustura. Hau gauza berriak eta lanbide berriak ikasteko aukera gisa ikasi nuen, baina bibolinak eztarritik heldu ninduen. Luteriak garai moderno hauetan biziraun badu industria soinu kalitate altuko instrumentuak sortzeko gai ez delako da. Artisauen aulki batek dirutza balio lezake, baina IKEAn merkeago dago. Saskigilea lanbide gisa desagertu egin da, txinatarren dendan 5eurogatik gauzak sartzeko saskia lor daitekeelako.

Biolin egilea zara ofizioz, ez da marka makala…

Bai, honetaz bizi naiz. Biolinak sortu, konpondu eta saldu egiten ditut, %100 artesanalki. Duela 300 urte bezala lan egiten dugu, beste ikuspegi bat dugu onerako eta txarrerako (garai ezberdinak direlako), eskuko tresnak erabiltzen ditugu. Hala ere, ez naiz kandelekin lanean aritzen. Kapitalismoak eta artisautzak ez dute enkajatzen, prezioak elitistak dira eta ez daude edonoren eskura. Horregatik umeentzako bibolinak ere saltzen ditut, taila eta prezio ezberdinetakoak. Jendearen nahietara egokitzen saiatzen gara.

Zure biolinek marka propioa dute? Zerekin markatzen dituzu?

Bai. Nire izenarekin markatzen ditut. Biolinek etiketa eraman ohi dute barruan. Nik nire sinadura, urtea eta sortutako lekua jartzen diet euskaraz etiketan, hemen bizi naizelako.

Nola eta zenbat denboran egiten da bibolin bat?

Biolin bat egiteko 200-300 ordu behar dira. Egunero 8 ordu sartuko banitu 1-2 hilabete liratezke. Izei zuhaitzaren egurra erabiltzen dugu tapa egiteko. Fondoa, lepoa eta arku edo uztaiak (ertzak) astigarrarenak dira. Biolontxeloak edo biolak batzuetan “txopoa” edo sahatsa daramate. Diapasoia ebanozkoa da. Nik egurra Italian erosten dut, egurraren mozketa garrantzitsua baita. Horrez gain, abetoa 1500 metrotik gora hazi izanari garrantzia ematen diot, astiro hazia izan behar da. Nik erabiltzen ditudan egurretan eta egiten ditudan bibolinetan erabilitako zuhaitzaren adina ere ikusi daiteke. Hemen inguruko zuhaitzek ez dute haien funtzioa ondo betetzen, oso azkar hazten direlako.

Egurrezko biolinek urrezko prezioa al dute?

Denetarik dago. 100 eurotako biolinak ere badaude, nik egiten ditudan denek 4.500€ balio dute. Maisuen biolinek 12.000-20.000€ ere balio lezakete. Biolina katxe altuko instrumentua da, ordu askoko lana du. Zortzi ordutako jornadara ekarrita 11€ inguruan egongo litzake.

Bibolin berri ala zahar batek, zerk du balio gehiago?

Ez da berdina zerbait zaharra edo aintzinakoa izatea. Aintzinako bibolinak oso ondo baloratuta daude, baina arriskutsua ere bada, osasun egoerarekin iruzur egin diezaizukete eta. Musikari askok antzinatasuna baloratzen dute, egurraren bizitasunarekin instrumentuen soinua ere aldatu egiten delako. Bibolin berriek osasun egoera hobea dute batzutan. Galdera zaila da. Ni antzinako instrumentuen mireslea eta berriak ekoiztearen aldekoa naiz.Kata itsuak ere egin dira, sudur eta begiak itxita proba egiten duten musikari adituak (usainagatik antzintasuna ez antzemateko), eta modernoak hobeto baloratu zituzten.

Norentzako izan da sortu duzun soinu tresnarik bitxiena? Nolakoa zen?

Denbora gutxi daramat. Denak dira bereziak, orain hasi naiz eboluzioa ikusten. Nire lehen biolina Bilboko kontserbatorioan geratu zen.

Musika klasikoaren sortzailea ala maitalea zaitugu?

Musika gustatzen zait, baina hardcore taldean jotzen dut. Punka ere gustatzen zait… musika gustatzen zait, bere osotasunean.

Zein da artista bezala zure ametsa?

Ez dakit. Ez naiz amets zalea. Lanera noan bakoitzean Olabeagan “Amestu” dioen mural bat ikusten dut. Nik ezabatu eta “esnatu” jarriko nuke. Nire ametsa janaria lapikotik ateratzea eta lasai bizitzea da. Mendiko borda batean urtean bi bibolin salduta oso pozik biziko nintzake.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide