"Orozko izan zen gaztainaren munduko hiriburua"

Erredakzioa 2015ko ira. 24a, 11:25

IÑAKI GARCIA URIBE (Orozko) mendizaleak Gorbeiaren inguruko jardunaldietan erakusketa jarri du eta horretaz gain Orozkoko gaztaina saltzaileek egindako matxinadari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar. Bide batez, eskualdean gaztainak zeukan garrantzia azalduko du.

IÑAKI GARCIA URIBE (Orozko) Gorbeiaren inguruko jardunaldietan erakusketa jarri du eta horretaz gain Orozkoko gaztaina saltzaileek egindako matxinadari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar. Bide batez, eskualdean gaztainak zeukan garrantzia azalduko du.

Hasteko, nor da Iñaki García Uribe?

Lehenik eta behin Gorbeiazale amorratua naiz.
Baina dauzkadan lagun zientzialari mordoak bultzaturik ikasten dut eta hainbat diziplinatan murgiltzen naiz: arkeologian, historian... eta korapilo hori ez da inoiz askatzen. Hasten zarenean ikertzen ez dago gelditzeko modurik.
Gorbeiako gurutzen inguruan ikertutako dena nik egin dut, tamalez. Gustatuko litzaidake norbaitek laguntzea jakiteko nik egindakoa ondo dagoen (barreak).
Hutsune handia zegoen esparru horretan. Esaten zuten 3 gurutze zeudela, bat egurrezkoa zela... tontokeriak, finean.
Duela 25 urte murgildu nintzen ikerketa horretan eta hainbat adar agertu zitzaizkidan: artzainak, kirikiñausiak, geologia... eta hamaika gauzarekin hasi nintzen, nahiz eta bat ere ez bukatu."

Eta horrek gaztainaren mundura eta industriara eraman zizun. Zein da gaztainaren historia Orozkon, Laudion zein Aiaran?

400 urte inguru dauzka. Ez gehiago. Mendiaren aprobetxamenduak -lantegi gisa- gaztaina ekoiztu eta saltzeko 4 mende besterik ez dauzka.
Eta Euskal Herrian hiru leku zeuden berebiziko garrantzia zeukatenak. Astero itsasontziak ateratzen ziren Bilboko portutik -Atxurin zegoena- Alemania, Herbeheretara, Ingalaterrara eta Bartzelonara eramateko.
Hiru leku horiek Orozko -garrantzitsuena- eta Aiara eta Laudio -biak batera- dira. Laudion pertsonaia oso inportantea zegoen, Manuel Goikoetxea. Komisionista zen eta zentzu batean "Barcenas" bat zen baina bestalde salmentak bultzatu zituen eta lortu zuen itsasontzi gehiago heltzea.
Egia esanda Manuel Goikoetxea existitu izan ez balitz baserritarrak gaztainak handizka saltzeko aukerarik gabe egongo ziren.
Azkenik, Baztanen ere gaztaina ugari ekoizten ziren baina ez zuten "Barcenas" bat saltzeko.
"Baina gehienbat Orozko zen munduko kirikiñausien hiriburua. Euskal Herrian 100 kirikiñausi inguru daude. Aiaran "kortina" deitzen zaie. Gaur egun ere jende nagusiari aipatzen badiozu "kortina" hitza badakite zeri buruz hitz egiten diozun."
Orozkon 40 kirikiñausi dauzkagu. Horrek esan nahi du heren bat baino gehiago Orozkon daudela. Horrek zerbait esan nahi du; Europan ez da errepikatzen Orozkoko kasua.

Zein da kirikiñausien egoera?

Kirikiñausi gehienak desagertu dira baliorik ez zaielako eman. 70 urte ingurura arte erabili dituzte. Eta urte hauetan inork ez du esan "kirikiñausia elementu etnografikoa da, Euskal Herriko historiako zatia, ez bota".
Horren ondorioz pinuak landatu ziren 60. hamarkadan eta tokiko zuhaitzak bota ziren. Baserritarren kalkulua zen: "nire semea jaio berri da. Haritzak eta pagoak botako ditut pinudia jartzeko eta 30 urte barru pinuak salduz etxea erosiko du."
Horrela garabiak sartzen zituzten eta kirikiñausiak bota.
Etnografo nagusi batek -Enrique Ibabe- alarma pitzu zuen arte. Eta horri buruz idatzi zuen. Berak ireki zizkigun begiak elementu etnografiko horri buruz.
Supelaur elkarteak berreskuratu eta garbitu ditu Orozkon. Lan ikaragarria egin dute. Baina horietaz gain inork ez du egiten, bakarrik Supelaurrek.

Zertarako erabiltzen ziren kirikiñausiak?

Bertan sartzen ziren gaztainak animaliek jateko aukerarik izan ez zezaten. Edo baserri talde batena izan zitekeen. 30 gaztaina banatzen zituzten egunero.
Orozkoko kasuan biltegi moduan erabiltzen zen. Bertan biltzen ziren eta Goikoetxeak deitzen zienean bertatik jaso eta Atxurira eramaten zituzten, Foru Aldundiko biltegira alegia.
Gau osoa ematen zuten bidean Bilbora eramateko; Areta, Arrankudiaga, Ugao, Bolueta... igaro behar zuten.

Eta nola eman zen matxinada 1778an?

Gertakariak beste etnografo batek jaso ditu, Alberto Santana Bizkaiko Foru Aldundiko etnografia teknikariak, hain zuzen.
Auniak antolatutako jardunaldietan eman zuen hitzaldia eta aipatu zuen.
Gaztaina oso garrantzitsua izan zen. Jende asko ezkondu zen berari esker eta gosea ekidin zuten. Pertsona askok ez zuten neguan zer jateko eta gaztainek elikatzen zituzten.

Afaltzeko, adibidez, gaztaina esnearekin hartzen zen. Proteina asko dauka eta kalkuluen arabera pertsona nagusi batek 18 gaztainekin bizi ahal zuen.
Matxinada eman zen Manuel Goikoetxeak iruzur egin ziolako Orozkoko gaztaina saltzaile talde bati.

Goikoetxeak harremana zuen Bilbon bizi zen holandar batekin, Pedro Goossensekin. Zinegotzia eta guzti izan zen Goossens.
Holandarrek Orozko eta Aiarako gaztainak nahi zituzten eta produktu bat egin zuten horrekin.
Orduan, behin Goossens eskatu zion Goikoetxeari gaztaina ugari eramatea Bilbora. Horrek agindua eman zien Orozkoko gaztaina saltzaileei eta esan zien 6 erreal ordainduko zituela kilo bakoitzeko.
Zubiaur plazan geratu ziren orozkokoak gauez, dena kargatu zuten eta elkarrekin Bilboko bidea hartu zuten.

Gaua oso txarra izan zen, txingorra, euria eta elurra ere egon zen. Gurdiekin arazoak izan zituzten baina azkenean Atxurira heldu ziren.
Eta bertan Goossenseko bi zaindariekin topo egin zuten. Hauek esan zieten orozkoarrei kilo bakoitzeko 4 erreal ordainduko zutela.
Denbora luzez egon ziren sinetsi gabe orozkokoak baina azkenean matxinatu ziren; biltegiko ateak bota zituzten eta bertan sartu zituzten gaztainak."
Orduan korrejidorea agertu zen. Korrejidoreak arazoak konpontzen zituen. Erregearen ordezkari honek gertatutakoa entzun zuen eta arrazoia eman zien gaztaina saltzaileei.
Nire ustez gertakaria bitxia da eta polita iruditu zitzaidan.

Historia luzea da gaztainena, baina oro har jendeak uste du gaztaina erromatarrek ekarri zutela Euskal Herrira.

Bai, baina mito bat da. Arrasateko Labekokoban egindako ikerketa arkeologiko batek argitu zuen duela 40.000 urte heldu zela gaztaina Euskal Herrira. Erromatarrak 38.000 urte geroago agertu ziren hemendik.
Gaztainondoa desagertzear egon zen 1898. urtean. New Yorketik etorritako itsasontzi batek egurra ekarri zuen Donibane Lohitzunera eta tinta beltzaren gaixotasuna ere. Horren ondorioz espainiar estatuan zeuden gaztainondo gehienak -ia guztiak, %98- hil ziren.
Gaztainondoek lortu zuten irautea leku malkartsuetan bakarrik: Orozkon, Leonen, Lugon,Baztanen...
Gaixotasun horren aurkako tratamendua Pedro Urkijo Landaluze, Laudioko ingeniari agronomo batek asmatu zuen. 1936. urtean salbatu zituen geratzen ziren gaztainondo apurrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide