Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek herritarrak kontzientziatzeko kanpaina berria abian jarri du. Kanpaina horren xedea hondakin desberdinen banaketa zuzena eta edukiontzien erabilera egokia sustatzea izango da. Horrek udalerri bakoitzarentzat dakarren aurrezki ekonomikoaren ikuspuntutik zuzenduko dute.
Informazio-kanpaina Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberion hasiko dute.
Gaiak ez sailkatzea, garestiagoa
Era zuzenean, egitasmoak deia egiten die herritarrei, ingurumen-ondorioaz gain, kontuan izan ditzaten eguneroko ohituren eragin ekonomikoak.
Herritarrek hondakinak era egokian banatzen dituzten udalerrietan, aurrekontu handiagoa dago beste zerbitzu batzuetarako. Aitzitik, ondo banatzen ez duen herri batek edo hondakinak edukiontzi egokian uzten ez dituen batek, diru gehiago bideratzen du masan bildutako zaborraren tratamendura; izan ere, hori da garestiena, gai bakoitzaren tratamendurako uzteak dituen prezioengatik.
Azken batean, birziklapena errazteko asmoz etxeetan hondakinak banatzeko eta edukiontzi egokian uzteko egiten den ahalegin txikia eta errentagarria da udalerriarentzat eta, ondorioz, etxeentzat.
Kanpaina horretan, biniloak jarriko dira udalerri bakoitzean jasangarritasunari buruz dauden totem edo informazio-gune iraunkorretan, eta, era berean, 3.500 kartel jarriko dira hamar udalerrietako espazio publikoetan.
Gainera, udaletako web-guneetan bannerrak egongo dira eta sare sozialetan mezuak zabalduko dira.
Bosgarren edukiontzia
Azkenik, urrian, herritarrei informazioa emateko beste kanpaina bat egingo da, bosgarren edukiontziaren edo etxeko konpostajearen bitartez hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen duten familien kopurua nabarmen handitzeko.