“Oso polita izan daiteke denon artean Txosna gune herrikoi egitea, herrira begira eta herriko jendearentzat”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abu. 31a, 10:00

NORA LATATU LANDALUZE (Orozko, 1996) Orozkoko Gazte Asanbladako kidea da. Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere Txosnagunea muntatuko du Gazte Asanbladak Orozkoko sanantolinetan, Supelaur kultur elkartearekin batera.

Txosnagunearen bigarren urtea izango da aurtengoa.

NORA LATATU LANDALUZE (Orozko, 1996) Orozkoko Gazte Asanbladako kidea da. Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere Txosnagunea muntatuko du Gazte Asanbladak Orozkoko sanantolinetan, Supelaur kultur elkartearekin batera.

Txosnagunearen bigarren urtea izango da aurtengoa.

Bai, lehen urtea izan zen iaz. Txosna gunea bi txosnek osatzen zuten: Supelaur kultur elkartearenak eta Orozkoko Gazte Asanbladarenak. Eta aurten ere bi talde horiek hartuko dute parte Txosna gunean. Hala ere, herriko gainontzeko elkarteak animatu nahiko genituzke datozen urteei begira animatu eta euren txosnak ere jartzeko.

Esperientzia errepikatzeko asmoarekin, beraz?

Iragan urteko esperientzia nahiko positiboa izan zen. Oso gustura egon ginen, eta herriak ere harrera zabala egin zion ekimenari. Aurten ere horrekin segitzeko asmoa daukagu, eta aurrera begira ere jarraitzeko ideia dugu.

Egitarauari dagokionez, pasa den urteko egitarauaren antzekoa da aurtengoa: Gazte eguna ospatuko dugu, elkartasun afaria baita... kontzertuak ere egongo dira, bai ostiralean eta baita larunbatean ere. Ostiralekoak kontzertu handiagoak izango dira, eta larunbatean eskualdeko taldeak ekartzeko asmoa daukagu.

“Iragan urteko esperientzia nahiko positiboa izan zen. Oso gustura egon ginen, eta herriak ere harrera zabala egin zion Txosna guneari”

Ekintza guztiak, baina, ez dituzue Txosnagunean egingo.

Hala da. Txosna guneko ekintzez gain, bai Gazte Asanbladak eta bai Supelaur kultur elkarteak beste ekintza batzuk egiteko asmoa dute, herriko jai egitarauari beste ekintza batzuk gehitzeko asmoarekin.

Besteak beste, txalupa lasterketa berreskuratzeko asmoa duzue.

Txalupa lasterketa berez Orozkon duela urte asko egiten zen ekintza bat da. Jaietan egiten zen, eta herriak oso harrera ona zeukan ekintza horrekiko. Baina, urteak pasa ahala, ekintza horrek indarra galdu zuen. Jendea ez zen parte hartzera animatzen, ez dakigu zergatik. Hori dela eta, egiteari utzi zitzaion.

Duela lau-bost urte Gazte Asanbladak ekintza hori berreskuratzeko asmoa izan zuen. Orduz geroztik bi aldiz egin da lasterketa. Iaz arazo batzuk izan genituen eta ezin izan genuen egin. Baina aurten badugu lasterketari heltzeko intentzioa. Kartelak atera dira, jendeari izena ematera animatuaz eta bai, badugu ekimen hori berreskuratzeko asmoa, ohitura zahar bat delako eta ondo dagoelako horrelako gauzak berreskuratzea.

Eta noiz ekin diozue Txosnaguneko ekintza horiek guztiak prestatzeari?

Lehenbizi, Supelaurreko eta Gazte Asanbladako kideak bildu eta bakoitzak buruan dituen ekintzak mahai gainean jartzen ditu. Orozkon badago jaiak antolatzeko batzorde bat (Antolinzaleak Jai Batzordea), eta guk bertara eramaten dugu Txosnagunearen proposamena. Bertan eztabaidatu egiten da eta ekintzak lotzen dira. Orozkoko Jaien egitaraua osatzen dugu horrela, danon artean.

Ez da asko falta Orozkoko Jaietarako. Lan asko geratzen zaizue egiteko?

Txosnak eskatu behar ditugu, muntaia egin, edariak eta bokatentzako osagaiak lortu, dena muntatu, txandak egin, laguntzeko jendea bilatu... lan asko egin behar dugu oraindik. Iaz lan eta lan aritu izan ginen abuztuan, bai goizez eta baita arratsaldez ere.

Nora doa Txosnaguneko barran lortzen den dirua?

Bi elkarteok batera egiten dugu lan egitaraua osatzeko behar den dirua biltze aldera. Jaietan lortzen dugun diruari esker ordaintzen diren egitarauko hainbat ekintza. Gainontzeko dirua Gazte Asanbladaren eta Supelaur kultur elkartearen eskutan geratzen da eta bi elkarte horiek urtean zehar beste hainbat ekintza egin ahal izateko baliatzen da.

Gazte Asanbladak, adibidez, Jentilzulo kultur gunea zabaldu zuen urtarrilean. Horregatik, lortutako dirua gune hori zabalik mantendu eta bertan ekintzak egitera bideratuko du.

“Guk zabalik uzten dugu Txosnagunean parte hartzeko aukera”

Lehen aipatu duzu beste elkarte batzuei ere zabalik dagoela Txosna gunea. Zer egin beharko luke talde batek bertan parte hartzeko?

Guk ikusten dugu Orozkon elkarte asko gaudela eta polita izango litzatekeela aurrera begira Txosna gunea handitzea edo gainontzeko elkarteen ideiak ere Txosna gunean islatzea. Txosna gunea ez da txosna bat bakarrik. Hainbat ekintza egiten dira bertan eta elkarte bakoitzak bere ideiak edo proposamenak ematea oso polita izan daiteke denon artean Txosna gune herrikoi bat egitea, herrira begira eta herriko jendearentzat.

Guk zabalik uzten dugu Txosna gunean parte hartzeko aukera. Hemen denak ezagutzen gara elkar. Horregatik, elkarteren batek Txosna gunearen parte izan nahiko balu gurekin kontaktuan jarri baino ez luke egin beharko.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide