URTZI VERA (Bilbo , 1975) argazkilaritzan aritua da, eta 30 urte inguru daramatza Orozkon bizitzen. Aurtengo San Antolinak bereziak izango dira berarentzat, pregoilaria izateko hautatu baitute.
Susmatzen zenuen pregoilari izatea proposatuko zizutela?
Pregoilaria hainbat pertsonen artean aukeratzen da eta iazko hautapen prozesuan nire izena komentatu zela esan zidaten. Hala ere, ez nuen espero proposatzea. Beti uste izan dut pertsona garrantzitsuago bati proposatu beharko lioketela.
Alkateak proposatu zidanean erantzukizun handiegi bat bailitzan hartu nuen hasieran. Baina gero, ondo pentsatuta, sari baten modukoa dela ikusten duzu, ohore handia. Herriaren aurrean egotea eta zer edo zer esateko aukera izatea... lotsati samarra naiz, baina moldatuko gara.
“Ondo pentsatuta, sari baten modukoa dela ikusten duzu, ohore handia”
Pentsatua duzu jada zer esango duzun?
Oraindik goizegi da. Badut zer edo zer pentsatuta, baina tira. Laburra izatea espero dut eta jendea ez aspertzea.
Zure kasuan hitzezko pregoi bat baino argazkizko pregoi bat egitea egokiagoa izango litzateke agian.
Hori ondo legoke (barreak). Baina ez dut uste horretarako aukera egongo denik. Jendearen aurrean hitz egitea egokitu zait batzuetan, baina herri baten aurrean egitea askoz gauza handiago da.
Gainera, nik argazkiei buruz hitz egiten dut, eta hau ezberdina da. Baina beno, zer edo zer egingo dugu.
“Pregoi laburra izatea espero dut, eta jendea ez aspertzea”
Argazkiak ateratzeko ohitura duzu jaietan?
Ez dut horrelakorik egiteko ohiturarik. Ingeniari teknikoa naiz eta argazkilaritzan nabil duela zortzi urtetatik hona. Duela gutxi nahiko sari garrantzitsu bat irabazi nuen, eta imajinatzen dut horregatik hautatu nautela pregoilari izateko.
Jaietan koadrila batekin ibili ohi naiz, ume txikiak dituen koadrila batekin, eta izan nuen argazkiak egiteko aukera. Oso pozik geratu nintzen lortutako irudiekin. Jaietan argazkiak ateratzeko aukera asko daude, eta nahi izanez gero argazki mordoa egin dezakezu.
Zer aholku emango zenioke jaietan argazkiak atera nahi dituenari?
Ez naiz horretan aditua. Ni natura argazkilaritza jorratzen dut gehienbat. Baina, natura argazkiak ateratzeko naturan murgildu behar zaren bezala, jaien argazkiak ateratzeko jaietan murgildu behar zarela deritzot. Jende artean egon, jai barruan sartu... eta aterako dira argazkiak, seguru.
“Natura argazkiak ateratzeko naturan murgildu behar zaren bezala, jaien argazkiak ateratzeko jaietan murgildu behar zarela deritzot”
Jaietan, talde-selfiea edo ohiko argazkilaritza, zer duzu nahiago?
Nik normalean ez dut argazkitan ateratzeko ohiturarik. Beste batzuk ni baino politago agertzen dira, eta ni eurei argazkiak agiten saiatzen naiz. Nik nire buruari argazkiak egitea ez zait asko gustatzen, besteei argazkiak egitea dut nahiago.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi nieke pregoilari izateko aukera eman didatenei, eta zuei elkarrizketa egiteagatik.