Honako kronika hau egin dute dinamikako kideek:
Gure Esku Dagok, uztailaren 31rako, Gorbeiako gurutzean elkartzeko deialdia zabaldua zuen. Deialdia, Gorbeia inguruan edo hurbilean dauden herrien artean zabaldu zen: Dima, Artea, Zeanuri, Areatza, Zeberio, Ugao, Arrankudiaga, Murgia, Ametzaga, Orozko, Laudio, Amurrio...
Ekintzak bi helburu zituen: alde batetik, gurutzerako bidean herritarron artean GEDren ikurra osatzea eta bestetik, gurutzean bertan, denok elkartzea eta koral koloreko kamiseta soinean argazki bikaina ateratzea.
Goizean goiz eguraldiak itxura eskasa zuen arren, deialdiak aurrera egin zuen, nahiz eta ikurra osatzeko orduan, lainoak oztopatu ugari jarri zien argazkilariei.
Egunak aurrera egin ahala ostarteak agertzen hasi ziren eta tarteka, lainoa dasagertzen zenean, paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Maldan gora, trikitilari eta pandero-joleek giro ederra sortu zuten, gorantz zihoazen herritarrei aldapak sortzen duen nekea arinduz.
Behin tontorrera helduta eta eguraldiak eman zuen aukera paregabea aprobetxatuz, argazki ederrak atera ahal izan ziren, eta ekitaldiari, idatzi bat irakurriz eman zitzaion amaiera.