Iaz bezala, Orozkoko udalak herrian bizi diren bi pertsona kontratatuko ditu lanaldi erdiz, mantentze-lan ezberdinak gauzatzeko. Aurten, iaz ez bezala, 6 hilabetez izango dira kontratatuak langileak, hasieran 4 hilabetez izango zirela adierazi bazuten ere.
Kontratuen finantzazioa
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politika sailak lau hilabete finantzatuko du eta gainerako bi hilabeteak, Udalak finantzatzea adostu du.
Kontratatuko dituzten bi pertsonek aurrera eramango duten lanak, herriko altzarien egokitzapena eta margotzea izango da, batez ere paseo eta joko eremuetan.
Eguraldiaren arabera, beste lan mota batzuk ere egingo dituzte, herriko brigadari lagunduz, esaterako, areken garbiketetan arituz.
Baldintzak
Udalak burutuko dituen kontratazioak Eskualdeko Enplegu Planari jarraituz izango dira. Eskualde osoan 25 pertsona kontratatuko dira, zenbait baldintza betetzen dituztelarik: %40 emakumeak izan behar dira, %30 diru-sarrerak bermatzeko errenta jaso behar dute eta %15 55 urte baino nagusiak izan behar dira besteak beste.