Orozkoko udalak legealdi honetan izango duen funtzionamendua zehaztu dute. Horrela, ADIEk, nahiz eta gehiengo osoa izan, hainbat ardura eta eskumen daukan tokiko gobernu batzordean parte hartzeko deia luzatu die oposizioko taldeei. EH Bilduk onartu du bertan aritzea eta EAJk aldiz, uko egin dio proposamenari.
Udal osoko bilkurari dagokionez, hileko bigarren asteartean egingo dute, 19:00etan hain zuzen. Gainera, udal arlo berria sortu dute; herritarren partaidetza, enplegua eta turismoa landuko dituena, alegia.
Arlo berri hori ez ezik, aurreko legealdian zeuden beste 5 arlo ere egongo dira: kultura, kirola, hezkuntza, gazteria eta euskera alde batetik, hirigintza, lanak eta zerbitzuak bestetik, ongizatea, berdintasuna eta osasuna da hirugarrena eta nekazaritza, abeltzaintza, mendiak eta ingurunea eta ogasuna dira beste biak.
Alkatearen eta zinegotzien soldatak
Soldatak ez dituzte aldatu Orozkon. Alkateak 39.524 euro kobratuko ditu urtero eta dedikazio osoa izango du. Bestalde, zinegotziek gehienez 315 euro jasoko dituzte hilero udal osoko bilkuran eta batzordeetan parte hartuz gero.