Orozkoko talde politikoek bat egin dute maiatzean aho batez onartutako ustalkeriaren kontrako kode etikoarekin. Eudelek garatutako jarduera onaren kodeari bederatzi puntu gehitu zaizkie.
Bederatzi dira Orozkoko Udalak Eudelen jokabide kodeari gehitu dizkion puntuak, talde politiko guztien babesarekin -Adie, EAJ eta EH Bildu-. Kode hori laster osatuko den udalbatza berriak ere sinatu beharko du, helburu jakin batekin: herritarrak haien ordezkarien jokabidearen aurrean babestea, edo beste modu batera esanda, “herritarrak seguru egon daitezen haien ordezkari diren pertsonen jarduerarekin”.
Ustelkeriaren aurkako neurriak
Puntu berri hauetako gehienak ustelkeriaren aurkako neurriak dira. Hala, kargu publikoek konpromisoa hartzen dute jokabide ustelarengatik abian jartzen diren ikerketak sustatzeko, bai eta fiskaltzarekin eta justiziarekin kolaboratzeko.
Era berean, kargua uzteko konpromisoa ere hartzen dute, baldin eta administrazioarekin lotutako edozein delitu egozten bazaie. Arrazakeria, xenofobia edo genero-indarkeriako akusazioak ere dimititzeko arrazoia izango dira.
Ordainsariak eta diru kontuak
Kargu publikoek jasotako ordainsariei dagokienez, Orozkoko Udalak jakitera emango ditu, bai zenbatekoa bai ordainsariaren justifikazioa.
Gainera, ez da dirurik jasoko udaleko edo sozietate publikoetako batzarretara joatearren. Horren harira, ezartzen da udalak errazte egingo duela oposizioko taldeetako kideak sozietate publikoetako administrazio kontseiluetan parte hartzea.
Azkenik, beharrezkoa denean, talde politikoek kanpoko ikuskaritza egingo diete haien diru-kontuei.